Zamalanetarako eremua jartzeko eskatu diote komertzioek udalari
Komertzioek ez dute Gernika-Lumoko Udalaren erantzunik jaso, eta jaso ezean, Arartekora joko dute. «Beharrezko» eskaera dela frogatzeko sinadura bilketa egiten ari da komertzioetako batGernika-Lumoko Juan Kaltzada kalean kokatutako hiru komertziok za...
Komertzioek ez dute Gernika-Lumoko Udalaren erantzunik jaso, eta jaso ezean, Arartekora joko dute. «Beharrezko» eskaera dela frogatzeko sinadura bilketa egiten ari da komertzioetako bat
Gernika-Lumoko Juan Kaltzada kalean kokatutako hiru komertziok zamalanetarako eremua jartzeko eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari. Eta udalaren erantzunik jaso ezean Arartekora eskaera formalagaz joango direla jakinarazi dute komertzioetako arduradunek.Juan Kaltzada kalean kokatutako taberna zein komertzioek zamalanak burutzeko espazioa daukate, baina kaleko 20. zenbakitik 28. zenbakira bitartean kokatutako hiruk komertzioek ez. «Kale osoan gu gara zamalanak burutzeko espaziorik ez duten bakarrak, beste guztiek badaukate beraien tokia. Gainera, produktu astunak erabiltzen ditugun komertzioak gara tarte honetan kokatutakoak», azaldu dute jabeek.
Inguruko zamalanetarako eremuak «hutsik» egoten direla adierazi dute, baina ez dagoela beraien esku herrian «zer aldatu behar den erabakitzea» gehitu dute. Hala ere, «karga astuna» duten komertzioak direlako «beharrezkoa» zaiela beraien komertzio aurrean zamalanetarako espazioa izatea azpimarratu dute. Izan ere, gaur egun espaloi gainean egin behar dituzte zamalanak, eta isunak jarri dizkiete horren ondorioz.
Juan Kaltzada kaleko obra egin zutenean, errail bateko bidea utzi zuten herrian. Hori horrela, kaleko beste komertzioek duten zamalanetarako «aukera barik» geratu zirela adierazi dute hiru komertzioetako jabeek. «Herriko erdigunean kokatuta egon ez arren, herriko komertzioak zaindu egin behar dira, eta udalaren laguntza beharrezkoa da guretzako».
Erantzunik ez
Udala jakinaren gainean dagoela azpimarratu dute komertzioetako arduradunek; izan ere, hainbat eskaera formal bidali dizkie. Horietan, udaletxetik herriko kanpoaldeko bidegurutzeraino kokatutako komertzio guztiek beraien zamalanetarako tokia daukatela adierazi dute.
«Udalaren erantzuna, baina, gure komertzioen aurrean edukiontziak jartzea izan da», kexu dira komertzioko jabeak: «Beherago dagoen zamalanetarako eremua handitu zuten, eta bertako edukiontziak gure komertzio aurrera ekarri zituzten».
Komertzio zein bezeroentzako «benetako beharrizana» dela erakutsi nahi dute, eta horregatik, sinadura bilketa bat jarri dute martxan.