Arte eszenikoetarako gune bat sortzeko egitasmoa aurkeztuko dute Ondarroan: Artekubu
Zapatuan [ekainak 2] 18:30ean egingo dute egitasmoaren aurkezpena Ondarroako Unanue Udal Musika Eskolan. Maitane Uribe, Fede Badiola eta Josu Etxaburu ondarrutarren ekimenez sortu da egitasmoa, eta artistak edo arte eszenikoekin zerikusia duten herritarrak batu nahi dituzte aurkezpenean. “Gure asmoa ahalik eta jende gehien batzea da. Eta egitasmoan sinisten duten herritarrak ere aurkezpenera gonbidatuta daude”.
Herrian arte eszenikoetarako espazio baten beharra dagoela nabarmendu dute. “Herrian hainbeste dantzari, musikari, antzerkigile… ditugu, eta ez dago horretarako espazio egokirik. Are gehiago, Euskal Herrian sortutako hainbat ikuskizun ere ezin dira Ondarroan eskaini horretarako espaziorik ez dugulako. Ditugunak edo txikiegiak dira, edo ez daude behar bezala prestatuta. Beti alokatutako lekuetara joan behar gara, eta askotan, hori ere ez da nahikoa. Arte eszenikoentzako espazio propio bat eskatu nahi dugu azken finean”.
Azaldu dutenez, Ondarroako Udala HAPO (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) idazten ari da, eta arte eszenikoentzako espazio hori HAPOan sartzea eta “lehentasuna ematea” eskatzen dute. Horretarako sinadura bilketa hasiko dute, “gaiari behar duen garrantzia emateko”. Artekubu egitasmoa zer izango den herriak erabakiko duela aurreratu dute. “Zer, non, zelan, zer baliabide… hori herriak erabakiko du, proiektua onartzen bada”.