Berriatuarra barikuan [maiatzak 25] 04:00etan puntuan hasi zen Urkiola igotzen, eta domekan [maiatzak 27] 00:30ean amaitu zuen proba. Guztira
52 aldiz igo zuen Urkiola (26.544 kilometroko desnibela). Hala,
44 ordu eta 30 minututan
Everesting hirukoitza deritzon proba egitea lortu du Antxustegik.
Ateri hasi zuen proba, baina pare bat ordutara euria hasi zen. “Lehenengo gau horretan euri asko egin zuen, eta hori izan zen txarrena. Izan ere, aldapan behera, euriagaz, hotza egiten zuen, eta frenatzerakoan ere asko igartzen zen. Gau hartan euri asko egin zuen”. Hain egin zuen euri asko ze, beheraka zihoan bakoitzean goraka hasteko desiatzen zegoela. “Goruntz hobeto nindoan”.
Laguntzaileak. Antxustegik proba egiten zuen bitartean, laguntzaileak ere eduki zituen. “Lehenengo egunean gehienak autoz joan ziren. Zapatuan, ostera, bizikletagaz ere etorri ziren”. Gaineratu duenez, laguntzaileetako batek zazpi aldiz igo zuen Urkiola.
Orain arte
Everesting-ak edo
Everesting bikoitzak egin izan ditu Antxustegik. Oraingoan, baina, hirukoitza egin ahal zuela ikusita, animatu egin zen. “Zailena eta garrantzitsuena indarra konstante mantentzea da. Ez da bizkor joan behar, baina astiroegi ere ez. Erritmoa konstante mantendu behar da”. Konstantzia hori mantentzeko, norbere burua ezagutu behar dela dio. “Jakin behar da zein erritmo eutsi ahal duzun”. Kontua eustea dela dio, buruari buelta gehiegirik eman barik.
Gorputza ez dela horrenbeste nekatzen dio. “Astiro joanda gorputzak ez du horrenbeste sufritzen. Hori bai, ordu asko direnez, gorputz guztia mintzen da. Baina izterrak-eta ez dute askorik sufritzen. Txarragoa da 6-7 orduz topera aritzea. Quebrantahuesos eta horrelako probak gogorrakoak izaten dira”.
Proba nekatuta amaitu zuela dio, eta asteon goizez dagoenez lan egiten, loa berreskuratzeko astebete beharko duela dio. Baina hurrengo baten beste horrelako erronka bat egiteko ere prest dagoela dio. “Momentuz lagunarteko martxa batzuk egingo ditut, eta gero ikusiko dugu.
Horrelakoak ezin dira astero egin. Nik nahi dudana da
beste batzuk ere animatzea eta horrelakoak egitea”.