Berritasunekin dator Xisteraren denboraldi berria. Nesken Xistera Zirkuitua eta Mutilen Interjai lehiaketa berria jokatuko dira aurten lehenengoz, eta Munduko Txapelketan ere estreinatuko dira emakumeak. Atzo [maiatzak 29] arratsaldean aurkeztu zuten egitarau berria Xisterak Markina-Xemeingo udaletxean egindako ekitaldian. Bertan egon ziren Ibon UrreistiXistera elkargoaren lehendakaria, Aitor Txurruka Xistera Batzordeko kidea, Julene Usabiaga Nesken Kirol Batzordeko teknikaria, Josu Mugartegi Mutilen Kirol Batzordeko teknikaria, Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo Udaleko kirol zinegotzia eta Izaro Arbe pilotaria, Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako arduradun eta pilotariekin lagunduta.
Nesken Zirkuituak zabalduko du denboraldia. Asteburuan jokatuko da Cabanillasen (Nafarroa) lehen saioa, eta abenduaren 22an amaituko da oraindik zehazteko daukaten leku batean. Guztira 13 jaialdi jokatuko dituzte neskek. Cabanillas, Markina-Xemein, EreƱo, Donibane Lohizune (Lapurdi), Gasteiz, Tolosa, Berriatua, Mutriku eta Durangoko frontoietan ariko dira besteak beste.
Julene Usabiaga Xisterak aurten osatu duen Nesken Kirol Batzordeko teknikariak azaldu zuenez, Nesken Zirkuitua ez da izango jokoan egongo den bakarra, aurreko urtean bezala topaketekin jarraituko dute, eta aldi berean, urriaren 19an eta 20an Bartzelonan (Kataluniako Errepublika) lehiatuko den Munduko Txapelketan ere parte hartuko dute. “Guztira 50 neska baino gehiago ibiliko gara txapelketetan”.
Julene Usabiaga Nesken Kirol Batzordeko teknikaria, Ibon Urreisti Xistera elkargoaren lehendakaria, Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo Udaleko kirol zinegotzia, Josu Mugartegi Mutilen Kirol Batzordeko teknikaria, eta Izaro Arbe pilotaria martitzeneko aurkezpenean.
Mutiletan, berriz, 120 pilotari arituko dira bi mailatan banatuta. Mutilen Zirkuitua Markina-Xemeinen hasiko da ekainaren 29an, eta abenduaren 22an amaituko da. Josu Mugartegi Mutilen Kirol Batzordeko teknikariak azaldu zuenez, hirugarren urtea da Mutilen Zirkuitua jokatzen dela eta urtez urte leku gehiagotara heltzen ari da. Guztira 16 jaialdi izango dira; Markina-Xemeindik Gasteiz, Berriozar, Durango, Cabanillas, Andoain, Lekeitio, Zumaia, Donibane Lohizune, Bidarte (Lapurdi), Mutriku, Tolosa, Noain eta Berriatuara ailegatuko da lehiaketa. “Gero, finalerdiak eta finalak jokatuko dira, eta finala aurten ere Markina-Xemeinen jokatzea espero dugu”.
Joan den urteko zirkuituari jarraipena emanez, beste liga bat ere antolatu du Xisteraren kirol batzordeak. Interjai Zirkuituak joan den urteko Xistera Zirkuituko pilotaririk onenak bilduko ditu, sei aurrelaririk onenak eta sei atzelaririk onenak, hain zuzen. Zazpi jaialdi izango dira guztira, eta Cabanillasen abiatuko da ekainaren 24an. Cabanillas, Gasteiz, Biarritz, Bartzelona, Madril, eta Donibane Lohitzuneko pilotalekuetan zehar ibiliko dira pilotariak, final handiak ostera, Bilbon izango dituzte. “Jokatzeko era desberdina izango da. Xistera Zirkuituan betiko modura kanporaketak kiniela erara jokatuko dira eta finalak set sistemara. Interjai Zirkuituan, berriz, zozketa egin dugu eta bikoteka ariko dira pilotariak, ligaxka modura jokatuko dute”, azaldu zuen Mugartegik. Bikote bi ailegatuko dira finalera, baina zehaztu zutenez, horrek ez du esan nahi datorren urterako sailkatuko direnik. “Datorren urterako sailkatuko dira aurten Xistera Zirkuituan hobetoen dabiltzanak”.
Xistera Lagunak. Bestalde, Zure laguntzak ez dauka preziorik babes kanpaina jarri du martxan Xisterak, eta kanpaina hori zabaltzeko bideo txiki bat ere egin dute. “Xisterako Euskal Herriko klub guztiak sortutako kanpaina bat da zesta-punta berriz ere bultzatzeko”, azaldu zuen lehendakariak. Kanpainak herritar guztien babes soziala bilatzen du. “Klubean ez dauden guraso, lagun eta zesta-punta zaleei gure lagun izatera animatu nahi ditugu, guri indar gehiago emateko proiektu hau babesten eta indartzen”. Zesta munduko komunitate bat sortu nahi dute. “Zesta munduan orain arte jendea lanean ibili da, baina banatuta, eta egin nahi duguna da hori dena bildu eta komunitate barruan sartu denok elkarrekin indar gehiago izateko”.
Xistera Lagun egiteko Xisteraren webgunean zehaztuta dagoen lekuan datuak eman behar dira. “Hau ez da bazkide kanpaina soil bat. Eskatzen duguna laguntza da, partaide izatea. Ez da dirurik eskatzen, alderantziz, abantaila txiki batzuk izango ditu bazkideak”. Xistera Lagunek onurak izango dituzte, beraz. Xisteraren produktuetan deskontuak izango dituzte eta antolatzen dituen ekitaldiren baten sarrerarik jarriko balitz ez lukete ordaindu beharko.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.