Bera Kruz Ikastolak antolatzen duen hirugarren
Binke Trail Martxa egingo da barikuan [ekainak 1], Markina-Xemein inguruetan zehar. Azken ordukoek barikuan oraindik izena emateko aukera izango badute ere, jadanik
385 dira proban parte hartuko dutenak.Urtez urte parte hartze handiagoa izaten ari da martxa, iaz 300 parte hartzaile egon ziren.
Aurten ere, bi ibilbide egongo dira aukeran: publiko guztiei zuzendutako
6 kilometroko ibilbide laburra, eta
11 kilometro eta erdiko luzea. Azken hori iazkoa baino laburragoa izango dela jakitera eman dute antolatzaileek, aldaketa bat egin dute eta amaieran, Etxebarritik Markina-Xemein arteko tartean.
II. Binke Trail Martxako partaideak.
Horrela, proba luzea aukeratzen dutenek, Akarregira igo beharko dute hasteko, eta gero hilerri ondotik Etxebarrira jaitsiko dira. Bidegorri hasieran aurkituko dute lehen hornidura gunea, eta bertara 2 ordu aurretik ailegatzen direnek jarraitu ahalko dute aurrera. «Besteek bidegorritik Markina-Xemeinera arteko bidea hartu beharko dute». Galartza industrigunetik jarraitu eta Arakistainen baserri ondotik gora abiatu beharko dira, eta Erlatx baserraren ingurutik bidegorrira jaitsi. Azkenik, Munibetik Murgara abiatuko dira handik Zelaiko helmugara heltzeko. Helmugan aurkituko dute bigarren hornidura gunea.
Aringa-aringa. Ibilbide luzea
oinez zein lasterka egin daitekeela azaldu dute antolatzaileek. Oinez egiteko asmoa dutenentzat, irteera 17:30ean izango da eta ibilbidea aringa-aringa egingo dutenak, berriz, 18:15etan aterako dira. Guztiek Bera Kruz Ikastolako jolaslekuan izango dute irteera. Momentuz 8 dira ibilbidea aringa-aringan egitera animatu direnak.
Martxa laburreko ibiltariak ere 17:30ean aterako dira. Xemeingaindik Akarregira heldu orduko Txasiorantz dagoen bidea hartu beharko dute Barroetara jaisteko, eta handik herrigunera abiatuko dira.
Dortsala eta kamiseta. Aurretik izena eman dutenek,
16:30etik 17:15era egin behar dute ordainketa ikastolako jolaslekuan, eta bertan jasoko dituzte lasterketarako dortsala eta kamiseta. Azken momentuan izena ematen dutenek, berriz, ez dute kamiseta lortzeko aukerarik izango.