Arrain lonjaren beharrari lotutako mozioa aurkeztu du Mutrikuko EH Bilduk
Gaia gaurko osoko bilkuran aztertuko dute. Lonja arrantza sustatzeko «beharrezko azpiegitura» dela diote. Legebiltzarrak onarturiko lehen puntua lehenbailehen betetzeko eskatu duteMutrikuk arrain lonja behar duela nabarmendu dute EH Bilduko zinegotzi...
Gaia gaurko osoko bilkuran aztertuko dute. Lonja arrantza sustatzeko «beharrezko azpiegitura» dela diote. Legebiltzarrak onarturiko lehen puntua lehenbailehen betetzeko eskatu dute
Mutrikuk arrain lonja behar duela nabarmendu dute EH Bilduko zinegotziek, eta horri buruzko mozioa aurkeztu dute. Gaia gaurko osoko bilkuran aztertuko dute, eta euren nahia mozioa udalbatza osatzen duten hiru koalizioek bateratuta onartzea da.Agertu dutenez, aspaldian egin diren hausnarketak kontuan hartzen badira, herriaren etorkizuna artisau arrantzarekin eta akuakulturaren garapenarekin estuki lotuta dagoela aurreikusi dute. Euren ustez, eta beste hainbat alor ekonomiko baztertu gabe, lehen sektoreak berebiziko garrantzia dauka orainari zein etorkizunari begira.
Mutrikun ia ez dago itsasontzirik, eta diagnostiko hori kontuan hartuta, Jaurlaritzak «Mutriku turismoari erabat lotutako portua» bihurtu nahi duela ohartarazi dute. «Honen aurrean, gure herriko alderdi guztiok lan gehiago egiteko prest gaude».
Azpimarratu dutenez, arrantza sustatzeko arrain lonja «behar-beharrezkoa den azpiegitura» da. «Salerosketa eskaintza eman ahal izateko, bertako zein kanpoko itsasontzi batzuk erakartzeko, eta era honetan, arrantzari dagokion pultsua erabat ez desagertzeko eta etorkizunari beste ikuspegi batetik begiratzeko».
40 egun zain
Bide horretan, hainbat ahalegin burutu dituzte. 2014ko urrian, EAJk eta EH Bilduk erdibideko zuzenketa onartu eta sinatu zuten Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk aurkeztutako Legez Bestesko Proposamenaren aurrean. «Bertan, bere lehen puntuan, Legebiltzarrak zera eskatzen zion Jaurlaritzari: arrain salerosketarako beharrezko diren instalazioak 2015eko otsailerako egokitzea».
Horrez gain, EH Bilduren udal taldeak, talde bereko legebiltzarkideekin batera, Bittor Oroz sailburuordearekin bilera bat adostu zuten 2018ko apirilaren 12erako, baina azken unean atzera bota zela jakitera eman dute, udal osoarekin egitea lehenetsi zelako. «40 egun baino gehiago pasatu dira, eta ez dugu inolako deialdirik jaso».
Erantzunik ez dutenez jaso, eskaera udalbatza osoari luzatu nahi diote mozioarekin. Alde batetik, arrain lonjaren nahi eta beharra berrestea eskatzen dute, eta, bestetik, 2014ko urrian Eusko Legebiltzarrak onarturiko Legez Besteko proposamenaren lehen puntua bete dezala lehenbailehen. Azkenik, udalbatza osatzen duten hiru taldeak Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzea ere eskatzen dute, «herriaren nahia eta asmoa behingoz bete dadin». Horretarako, alkatetzari horren ardura hartzeko eskatu diote.