Domekan [ekainak 3] ospatuko da 27. Euskal Eskola Publikoaren Jaia Lekeition, Zapran gagoz lelopean. Jaiak bi mezu zabalduko ditu: Euskal Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izan behar dela eta eskola publikoa laikoa izan behar dela, «guztiona izan behar delako». Sei gunetan banatuta, ekintzak egun osoan egongo dira.
Jai nagusia domekan ospatuko bada ere, jaiaren baitako lehenengo ekintzak zapatuan [ekainak 2] egingo dira, «motorrak berontzeko». Egurrezko jolasak eta talo tailerra (17:30ean), Laket taldearen erromeria (20:00etan) eta Lekittoko Deabruak taldearen Zapran sutara goaz su ikuskizuna (22:30) egongo dira. Ekintza guztiak plazan egingo dira.
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak herria eskola publikoaren aldekoak jasotzeko prest dagoela esan du. «Lekeition urteko egunik indartsuena Antzar Eguna izaten da, eta guk Antzar Egunetako prestaketak egin ditugu domekarako».
Herritarrei ere hezkuntza publikoaren alde egiteko euren profiletako irudiak aldatzeko eskaera egin diete antolatzaileek. Horretarako, Lekeitio BHIko ikasleek mugikorretarako garatutako Zapran Gagoz aplikazioa erabiltzeko eskatu diete. Aplikazio hori erabiliz, profilean Zapran gagoz irudia jarri ahalko dute erabiltzaileek. «Aldatu zuen profileko irudiak hezkuntza publikoaren alde».
Garraioari eta birziklapenari buruzko oharrak. Jaiaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, Bizkaibusek Lekeitiora doazen lineak errefortzatu egingo ditu. Hala, Bilbotik edo Durangotik datozenek ohi baino autobus gehiago edukiko dituzte. «Asko ikastetxeek antolatutako autobusetan etorriko dira, eta horiek Arropainen edo beste aparkalekuetan utziko dituzte bidaiariak».
Auto partikularretan doazenek, ostera, herriren kanpokaldean egokituko dituzten aparkalekuetan aparkatu beharko dute, halabeharrez. Eta Arropainen autokarabanentzako gunea ere egongo dela esan dute.
Beste alde batetik Lea-Artibai Amankomunazgoaren Garbi jokatu hondakinekin kanpainagaz bat egin du. Ondorioz, hondakinak sailkatzeko ontziak jai gune osoan egongo direla esan dute. «Jaira etorriko diren guztiei herria txukun mantentzeko eskaria luzatu nahi diegu».
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.