Txapelketa berriak dakartza hastear den Xisteraren denboraldiak
Nesken Zirkuituagaz emango diote hasiera denboraldiari. Munduko txapelketa jokatuko dute estreinako neskek. Interjai Zirkuitua jokatuko dute iazko onenekBerritasunekin dator Xisteraren denboraldi berria. Nesken Xistera Zirkuitua eta Mutilen Interjai Le...
Nesken Zirkuituagaz emango diote hasiera denboraldiari. Munduko txapelketa jokatuko dute estreinako neskek. Interjai Zirkuitua jokatuko dute iazko onenek
Berritasunekin dator Xisteraren denboraldi berria. Nesken Xistera Zirkuitua eta Mutilen Interjai Lehiaketa berria jokatuko dira aurten lehenengoz, eta Munduko Txapelketan ere estreinatuko dira emakumeak.Martitzen arratsaldean aurkeztu zuten egitarau berria Xisterak Markina-Xemeingo udaletxean egindako ekitaldian. Bertan egon ziren Ibon Urreisti Xistera elkargoaren lehendakaria, Aitor Txurruka Xistera Batzordeko kidea, Julene Usabiaga Nesken Kirol Batzordeko teknikaria, Josu Mugartegi Mutilen Kirol Batzordeko teknikaria, Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo Udaleko kirol zinegotzia eta Izaro Arbe pilotaria, Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako arduradun eta pilotariekin lagunduta.
Nesken Zirkuituak zabalduko du denboraldia. Asteburuan jokatuko da Cabanillasen (Nafarroa) lehen saioa, eta abenduaren 22an amaituko da oraindik zehazteko daukaten leku batean. Guztira hamahiru jaialdi jokatuko dituzte neskek. Cabanillas, Markina-Xemein, Ereño, Donibane Lohizune, Gasteiz, Tolosa, Berriatua, Mutriku eta Durangoko frontoietan ariko dira, besteak beste.
Julene Usabiaga Xisterak aurten osatu duen Nesken Kirol Batzordeko teknikariak azaldu duenez, Nesken Zirkuitua ez da izango jokoan egongo den bakarra. Izan ere, aurreko urtean bezala, topaketekin jarraituko dute, eta aldi berean, urriaren 19an eta 20an Bartzelonan (Kataluniako Errepublika) jokatuko den Munduko Txapelketan ere parte hartuko dute. «Guztira 50 neska baino gehiago ibiliko gara txapelketetan».
Munduko Txapelketa antolatzeko Bartzelonako Club Vasconiako Carles Pedragosaren laguntza izan dutela azpimarratu du Ibon Urreisti Xistera elkargoaren lehendakariak. «Bertako batzordeko zuzendari bat da, eta hau antolatzen lagundu digu. Lehenengo aldia da mundu mailan horrelako zerbait antolatzen dela, eta ilusioagaz gaude».
Mutilen txapelketak
Mutiletan, berriz, 120 pilotari arituko dira bi mailatan banatuta. Mutilen Zirkuitua Markina-Xemeinen hasiko da ekainaren 29an, eta abenduaren 22an amaituko da. Josu Mugartegi Mutilen Kirol Batzordeko teknikariak azaldu duenez, hirugarren urtea da Mutilen Zirkuitua jokatzen dela, eta urtez urte leku gehiagotara heltzen ari da. Guztira 16 jaialdi izango dira; Markina-Xemeindik Gasteiz, Berriozar, Durango, Cabanillas, Andoain, Lekeitio, Zumaia, Donibane Lohizune, Bidarte, Mutriku, Tolosa, Noain eta Berriatura ailegatuko da lehiaketa. «Finalerdiak eta finalak jokatuko dira ondoren, eta finala aurten ere Markina-Xemeinen jokatzea espero dugu».
Joan den urteko zirkuituari jarraipena emanez, beste liga bat ere antolatu du Xisteraren kirol batzordeak. Interjai Zirkuituak joan den urteko Xistera Zirkuituko pilotaririk onenak bilduko ditu, sei aurrelaririk onenak eta sei atzelaririk onenak, hain zuzen. Zazpi jaialdi izango dira guztira, eta Cabanillasen abiatuko da ekainaren 24an. Cabanillas, Gasteiz, Biarritz, Bartzelona, Madril (Espainia), eta Donibane Lohizuneko pilotaleku- etan zehar ibiliko dira pilotariak, final handiak ostera, Bilbon izango dituzte. «Jokatzeko era desberdina izango da. Xistera Zirkuituan betiko modura kanporaketak kiniela erara jokatuko dira, eta finalak set sistemara. Interjai Zirkuituan, berriz, zozketa egin dugu, eta bikoteka ariko dira pilotariak, ligaxka modura jokatuko dute», azaldu du Mugartegik. Bikote bi ailegatuko dira finalera, baina zehaztu dutenez, horrek ez du esan nahi datorren urterako sailkatuko direnik. «Datorren urterako sailkatuko dira aurten Xistera Zirkui- tuan hobetoen dabiltzanak».
Babes kanpaina
Bestalde, Zure laguntzak ez dauka preziorik babes kanpaina jarri du martxan Xisterak, eta kanpaina hori zabaltzeko bideo txiki bat ere egin dute. «Xisterako Euskal Herriko klub guztiak sortutako kanpaina bat da zesta-punta berriz ere bultzatzeko», azaldu du lehendakariak. Kanpainak herritar guztien babes soziala bilatzen du. «Klubean ez dauden guraso, lagun eta zesta-punta zaleak gure lagun izatera animatu nahi ditugu, guri indar gehiago emateko proiektu hau babesten eta indartzen».
Zesta munduko komunitate bat sortu nahi dute. «Zesta munduan orain arte jendea lanean ibili da, baina banatuta, eta egin nahi duguna da hori dena bildu eta komunitate barruan sartu denok elkarrekin indar handiagoa izateko». Eta informazio zuzen eta pertsonalago bat bidaltzea ere badu helburu kanpainak. «Hau izango da bide bat informazio zuzena bideratzeko, zer ari garen egiten eta ze aurrerapen egiten ditugun ezagutzera emateko». Hori da, hain zuzen, eskatzen duten bakarra: informazioa zabaltzea, bakoitzak bere inguruan. «Zesta-puntako jendeak bata besteari eta ingurukoei bazkide egiteko aukera azaltzea, bazkide eginda zesta-puntako jende guztiari lagunduko diotelako».
Xistera Lagun egiteko Xisteraren webgunean zehaztuta dagoen lekuan datuak eman behar dira. «Eskatzen duguna laguntza da, partaide izatea. Ez da dirurik eskatzen, alderantziz, abantaila txiki batzuk edukiko ditu bazkideak». Xistera Lagunek onurak izango dituzte. Xisteraren produktuetan deskontuak izango dituzte, eta antolatzen dituen ekitaldiren batean sarrerarik jarriko balitz ez lukete ordaindu beharko.