Udalbatzak adostu du 'Zurrumurrurik Ez' Sarean sartzea
Gernika-Lumoko udal gobernuko alderdi politikoek errefuxiatuen gizarteratzean laguntzeko adierazpen instituzionala irakurri zuten martitzenean, maiatzeko osoko bilkuran. Adierazpenak errefuxiatuen giza eskubideak errespetatzeari eta kultu- rartekotasun...
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak eginiko eskaerari erantzun zion udal gobernuaren adierazpenak. Udalbatzak Zurrumurrurik Ez sarearen barnean sartzea adostu zuen, bai eta Busturialdeko gizarte zerbitzuetako komunitateari «emigranteei eta errefuxiatuei» zuzendutako gida bat onartzeko eta sustatzeko eskatzea.
Arartekoaren gomendioei kasu eginda bizilekurik gabeko pertsonak erroldatzeko eskubide historikoak «bermatuko» dituztela esan zuten. Administrazio egoitza ziurtatzen duen agiria gauzatzeko aukera aztertzea ere adierazpenean bildutako puntuetako bat izan zen.
«Eskura ditugun baliabide guztiak erabiltzea adostu dugu, etorri berriak diren emigrante eta errefuxiatuak gizarteratzeko, eta Gernika-Lumo abegi oneko herria bihurtzeko», esan zuten.
Beste bi adierazpen
Errefuxiatuen adierazpen instituzionalaz gain, 2016ko uztailaren 7an gertaturiko bortxaketaren sententziari buruz ere hitz egin zuten osoko bilkuran. «Udal honek eta Gernika-Lumoko herriak maitasun eta elkartasuna adierazi nahi die biktimari eta bere senideei».
Gainera, sententziak jasotzen duenagaz «erabateko desadostasuna» agertu zuten, eta justizia eskatzen duen aldarriagaz bat egiten dutela esan zuten.
Beste alde batetik, «etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde» daudela ere esan zuten, Gure Esku Dago-k antolatutako ekainaren 10eko ekitaldiagaz bat eginda. «Demokrazian, askatasunean eta herritarron borondate demokratikoan oinarritutako ziklo berri bat eraikitzea dagokigu».