Udalak aparkaleku irisgarriei buruzko kontzientziazio kanpaina hasi du
Kanpaina Karenkagaz eta Udaltzaingoaz elkarlanean bultzatuko dute. Oztopo asko edukitzen dituztela nabarmendu dute aparkaleku irisgarrien erabiltzaileekAparkaleku irisgarrien erabilera egokiari buruzko kanpaina abiarazi du Ondarroako Udalak, Udaltzaing...
Kanpaina Karenkagaz eta Udaltzaingoaz elkarlanean bultzatuko dute. Oztopo asko edukitzen dituztela nabarmendu dute aparkaleku irisgarrien erabiltzaileek
Aparkaleku irisgarrien erabilera egokiari buruzko kanpaina abiarazi du Ondarroako Udalak, Udaltzaingoagaz eta Karenka elkarteagaz elkarlanean. Herri inklusiboa izateko nahiagaz ipini dute martxan kanpaina, eta bide horretan, aparkaleku irisgarrietarako baimendutako txartela duten etxe guztietara kanpainaren xehetasunak gogorarazten dituen gutuna bidali dute.Udalak nabarmendu duenez, esfortzu berezia egin nahi du «udalerrian denontzako irisgarritasuna hobetzeko». Eta, horretarako, hainbat ekintza jarri ditu martxan: kaleetako behengainea egokitu eta babestu dute, aparkaleku irisgarriak sortu eta egokitu dituzte eta hezkuntza kanpainak ere abiarazi dituzte. «Herritar guztiak kontzientziatu nahi ditu udalak, denok gure kaleetan erosoago ibiltzeko, eta arreta berezia jarriz dibertsitate funtzional fisiko, psikiko edo sentsorialen bat duten pertsonen egunerokotasuna hobetzeko».
Adierazi dutenez, oztopo asko izaten dituzte aparleku irisgarrien erabiltzaileek. «Txartelik gabekoak, erdizka aparlekua okupatzen… Ibilgailua hor uzten dutenak ez dira konturatzen, baina ibilgailuetatik irteteko nahikoa toki behar izaten dugu. Atetik irteteko toki gutxi lagatzeaz gain, maletategitik oso hurre aparkaketzen dute batzuek, eta ez dira konturatzen hortik ere aulkiak edo beharrezko materiala atera behar izaten dugula».
Espaloi gaineetan
Nabarmendu dutenez, txartelei askotan erabilera txarra ematen zaie. «Batzuek ez dute txartel horren titulartasuna, hurreko batena izaten da kasu askotan, baina dibertsitate funtzionala duena ez dabil txartel horregaz. Batzuetan, titularra hilda ere badago, eta erabiltzen ari dira». Horren aurrean txartela egoera onean eta egoki erabiltzea eskatu du udalak. «Ezinbestekoa da udalak herritarrekin batera jarri dituen helburuak lortzeko».
Aparleku irisgarrien kanpainagaz batera, gainera, espaloi gainetan uzten diren ibilgailuak ere oztopo direla konturatzea nahi dute herritarrak. «Aulkietan doazenak ezin pasatuta ibiltzen dira, eta zer esanik ez ikusmen arazoak dituztenak».