Zapran egon da Lekeitio gaur [ekainak 3] egun osoan. Goizean goizetik hasi da mugimendua eta asko izan dira Euskal Eskola Publikoaren aldeko keinua eginez, aurten Lekeition ospatu den jaiagaz gozatu eta parte hartzera animatu direnak.
Emakumeen Eguzki dantzagaz eman diote hasiera egunari Lekeitioko Eskolan, eta ekitaldia hasi da jarraian. Ana Puente Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko EHIGE presidenteak hartu du hitza lehendabizi, eta eskerrak eman dizkie hasteko, eskola publikoaren jaia posible egiten duten guztiei eta bereziki Lekeitioko Eskolako komunitate osoari. Lekeitioko Eskolak irakaskuntza publikoak dituen balioak primeran adierazten dituela azpimarratu du Puentek. “Eskola euskalduna, parte hartzailea, denona eta denontzako eta ondorioz, gizarte osoari irekia”.
Errenteriko eskolak hartu du testigua.
EHIGEko presidenteak gogora ekarri duenez, Euskal Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatzea da guraso elkarteak 1994tik antolatzen duten Euskal Eskola Publikoaren jaiaren helburua. “Eskola publikoak hazi nahi du eta horretarako erakunde publikoen babesa behar dugu. Hezkuntza eskubide bat da eta soilik botere publikoek dute berau bermatzeko ahalmena, beraz, Euskal Eskola Publikoaren zeregin egituratzailea eta funtsezkoa aitortu behar dute”. Euskal Eskola Publikoaz harro dagoela adierazi ondoren hiru eskari egin dizkie agintariei. Alde batetik, Eskola Publikoaren alde egitea eskatu du, bestalde, kemena eskatu diete euskal hezkuntza sisteman kohesioa eta berdintasuna hobetzeko, eta azkenik, eztabaida zabala irekitzea, “eragileok eskatzen ditugun gaiak kontuan izan eta euskal gizarteari entzun, euskal hezkuntza sistema duina eta adostua lortzeko”.
Koldo GoitiaLekeitioko alkateak ere hartu du hitza, eta eskaera bat zuzendu dio bertan egon den Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuari: egun Kolorinetako eraikina dena, bera ikasle zen garaian inauguratutakoa, urtero konpontzen ibili beharrean egunen batean bota eta berria altxatzea. Eskola Publikoaren aniztasuna azpimarratu du Goitiak, eta 2025ean Lekeitiok 700 urte beteko dituela eta, Zapran Gagoz berriro Lekeitiora ekartzeko gonbidapena ere luzatu du.
Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak, berriz, 40 urteetan hezkuntzan egin den ibilbidea nabarmendu du, “guztien ahaleginari esker” oztopo asko gainditu direla adieraziz. “Banatzen gintuzten gaiak alde batera utzi dira eta ibilbide horretan eskola publikoa funtsezkoa izan da eta da. Eskola Publikoak gure herrietako bazter guztietan behar genuen hezkuntza sistema hedatzea ahalbidetu du, milaka ikaslek sortu dute gaur egun duguna, gaur egun garena”. Kanpotik inposatutako mugak eta oztopoak ere saihestu direla azpimarratu du sailburuak. “Hori da aurrerantzean ere egin beharreko ibilbidea. Hitza, adosteko borondatea eta elkarrizketa defendatzea. Horiek dira gure tresnarik baliotsuenak mugak gainditzeko”.
Kalejira erraldoia egin dute eskolatik plazara.
Ekitaldiagaz amaitzeko Errenteriako eskolari pasatu dio testigua Lekeitiokoak. Makina bat taupada leloa aurkeztu dute Koldo Mitxelena eskolakoek, txanda hartzeagaz pozik.
Hitz egin dutenez gain, hainbat izan dira Lekeitioko Eskola Publikoaren jaian parte hartu duten ordezkari politiko eta erakundeetako arduradunak; besteak beste Andoni Ortuzar EAJren lehendakaria, Lorea Bilbao Kultura eta Euskara diputatua bai eta Lea-Artibai eskualdeko alkate eta zinegotziak ere.
Kaxarrankaren ondoren, kalejira erraldoian abiatu da jendetza plazarantz, gaurko egitarau oparoagaz gozatzeko prest. Musika, dantzak, ikuskizunak, jolasak, kirolak eta era guztietako animazioa eduki dute Zapran jarduteko. Eguraldi ona izan dute gainera lagun, arratsaldera arte, eta Lekeitioko Eskola komunitateak prestatutako sei guneak jendez eta giroz beteta egon dira.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.