Mutriku Errugbi Eskolak antolatuta, II. Zubi memoriala jokatu zuten zapatuan [ekainak 2] 10, 12 eta 14 urtez azpiko 100 bat gaztetxok. Modu horretara herrian errugbia sustatu eta errugbi taldea sortu zuen Jesus Mari Zubikarai Azpiazu
Zubi zenari omenaldia egin zioten beste urte batez.
Mutrikuko gaztetxoekin batera
Baztango eta Ordiziako errugbi taldeetako jokalariek parte hartu zuten topaketan, eta denek lagunarteko partiduak jokatu zituzten. Alde batetik, 10 urtez azpikoek jokatu zuten eta, bestetik, 12 eta 14 urtez azpikoek, nahastuta.
Marea Urdinari babesa ematen. Argazkia: Mutrikuko Errugbi Eskola
Oro har, giro polita egon zen topaketetan, eta partiduak amaitzean, oroigarriak banatu zizkieten talde gonbidatuetako arduradunei. “Zubiren emazteari ere egurrez egindako oroigarri berezia eman genion”. Oroigarri banaketa egin eta gero, talde argazkia ere atera zuten San Migel zelaian,
Marea Urdina itsas lasterketari euren babesa emanaz. Ostean, hirugarren denbora deritzona egon zuten Merkatu Plazan.
262 lagun. Eguenean [ekainak 7], berriz,
ikastetxeen arteko topaketak egingo dituzte Mutrikuko San Migel futbol zelaian, 09:30ean hasita. Bertan Mutrikuko Goizeko Izarra (77 lagun), Mutrikuko San Miguel (43 lagun), Ondarroako Zaldupe (84 lagun) eta Debako Luzaro (58) ikastetxeetako LH 5 eta 6ko ikasleek parte hartuko dute. Guztira, 262 lagun batuko dira.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez,
rugby tug deritzon erara jokatuko dituzte partiduak. “Kontakturik gabeko partiduak jokatuko ditugu. Taldeak gainera, ikastetxeak eta mailak nahastuta sortuko dira”. Zelaia lautan banatuko dute, eta partidu motzak jokatuko dituzte; 12 bat minutukoak. 12:00ak bueltan, azkenik, hirugarren denbora ospatuko dute futbol zelaian bertan.