Oihana Kortazar mutrikuarrak eta Imanol Larrañaga azkoitiarrak jantzi dute Mutrikuko XIV. Arnoko mendi lasterketako txapela. 22 kilometroko ibilbidea betetzeko 1.41.19 behar izan zituen korrikalari azkoitiarrak, eta mutrikuarrak, berriz, 2.00.49 behar izan zuen lasterketa amaitzeko. Kortazarrek, gainera, sailkapen nagusiko
17. postuan amaitu zuen proba.
Emakumezkoen sailkapena Ane Eizagirre zumaiarrak (2.19.57) eta Olatz Arrizabalaga itziartarrak (2.28.06) osatu zuten. Gizonezkoen sailkapenean, aldiz, Unai Cobos ordiziarra (1.42.55) eta Iñigo Arantzamendi ondarrutarra (1.44.10) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Korrikalariak Mutrikuko Arnoko mendi lasterketan irtetzeko prest. Argazkia: Burumendi Mendizale Elkartea
Oihana Kortazarrekin batera
Iñigo Agirrek jaso zuen mutrikuar onenaren saria. Agirre seigarren (1.45.57) helmugaratu zen. Xabi Astigarragak ere maila ona erakutsi zuen herriko lasterketan; zortzigarren (1.47.04) amaitu zuen. Korrikalari beterano onenak, aldiz, Iñigo Agirre eta Alazne Irureta (2.14.08) aizarnazabaldarra izan ziren.
Burumendi mendizale elkartekoek adierazi dutenez, aurten izena eman duten 100 lagunetik 99k amaitu dute lasterketa. Nabarmendu dutenez, gainera,
sekula baino emakume gehiagok parte hartu du proban aurten. “Aurreko urteetan bi edo hirurek parte hartu dute, baina aurten 15 bat izan dira proba egitera animatu direnak. Parte hartzeak aurten nabarmen egin du gora, eta berri pozgarria dela iruditzen zaigu. Hurrengo urteetan ere goraka jarraitzea nahiko genuke”.
Oinezkoen mendi martxan, berriz,
206 lagunek parte hartu zuten. Burumendikoek azpimarratu dutenez, esperotakoa baino eguraldi hobea izan zuten. “Aurreko egunetan euria egin zuen, eta mendian basa egon zen, baina ez larregi. Arno atzean basa asko egoten bada arrikusa dago laban egin eta mina hartzeko, baina ez zen egon horrelako arazorik. Dena jaso genuenean hasi zen euria”. Gaineratu dutenez, martxan zein lasterketan parte hartu duten herritarrak eta inguruko herritarrak asko izan dira.