Bermeoko Alde Zaharreko alokairuentzako laguntzak jasoko dituzte gazteek
Programa bigarren urtez jarri du martxan Bermeoko Udalak. Iaz 25 eskaera onartu zituzten, eta 40 herritar izan ziren onuradunak. Gehienez, 200 euroko laguntzak banatuko dituzteBermeoko Udalak bigarren urtez martxan jarri du 18-35 urte bitarteko gazteei...
Programa bigarren urtez jarri du martxan Bermeoko Udalak. Iaz 25 eskaera onartu zituzten, eta 40 herritar izan ziren onuradunak. Gehienez, 200 euroko laguntzak banatuko dituzte
Bermeoko Udalak bigarren urtez martxan jarri du 18-35 urte bitarteko gazteei Alde Zaharreko etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko programa. Gaurtik hasita egin ahalko dituzte diru laguntza eskaerak gazteek, urtea amaitu arte edo laguntzak amaitu arte.Irune Ormaetxea Urigintza eta Ekonomia zinegotziak azaldu duenez, bi dira programaren helburuak: alde batetik, gazteei emantzipazio bidean laguntzea, eta bestetik, etxe hutsak merkaturatzea. Horren bitartez, gainera, gazteak Alde Zaharrera erakartzen dituztela azpimarratu zuen.
Iazko arrakasta ikusita abiatu du aurten ere udalak aipatu programa. Hain zuzen, iaz 26 eskaera aurkeztu zirela gogorarazi zuen, eta horietatik 25 onartu zituztela. «Onartutako 25 eskaeretatik hamabi iaz sinatutako alokairu kontratu berriei dagozkie. Gainontzeko hamahiruak, aldiz, 2017 urte aurreko kontratuei». Hala, kontratu berriei esker, hamabost gazte erakarri dituzte Alde Zaharrera.
Iaz 25 eskaera onartu bazituzten ere, 40 herritar izan ziren onuradunak; izan ere, laguntzak norberak bakarrik, bikotekideagaz edota beste pertsona batzuekin eskatu daitezke. Eta etxebizitza partekatzen duten guztiak izan ahalko dira onuradunak, beti ere eta errentamendu kontratua guztiek sinatuko balute eta gainontzeko beste baldintza denak beteko balituzte.
Eskatzaileek, hala ere, zenbait baldintza bete beharko dituzte diru laguntza horiek jaso ahal izateko. Santi Murua Berualako zuzendariak aipatu duenez, iazko baldintza berak izango dira: alegia, eskatzaileek edo bizikidetza unitateko kideek ezingo dute bere jabetzako etxebizitzarik izan; bizikidetzako unitateko pertsona guztiak etxebizitza horretan erroldatuta egon behar dira, eta, gutxienez, horietako bat Bermeon erroldatuta egon behar da azken hiru urteetan edo azken urtean etenik gabe.
Bestalde, eskatzailearen gehi- enezko diru sarrerak zeintzuk izan behar diren ezarri ditu udalak: 28.000 euro arte urtean (irabazi gordina), eskatzailea pertsona bakarra denean eta 39.000 euro arte urtean (irabazi gordina), eskatzailea bizikidetza unitatea bada edo pisukideen artean harreman ekonomikorik ez badago.
Gainera, udalak gogorarazi du onuradunen eta errentatzaileen artean ezingo dela odolkidetasun loturarik egon, ez-eta ere ahaidetasuneko bigarren mailara arteko familia loturarik.
200 euro arteko laguntzak
Alokairuak, gutxienez, urtebeteko iraupena edukiko du, eta, gehienez, 200 euro artekoak izango dira udalak emango dituen laguntzak; betiere, eskatzaileen diru sarreren arabera. Eskaerak Berhaz bulegoan aurkeztu beharko dituzte interesatuek. Informazio gehiago nahi duenak Bermeoko Udalaren webgunea (www.bermeo.eus) bisitatu beharko du.
Alde Zaharrean «beste giro bat, beste bizitzeko modu bat» dagoela argudiatuz, gazteak alokatzera animatu ditu zinegotziak, aurten ere programa martxan jartzearen «garrantzia» azpimarratuz. Hala, Alde Zaharra biziberritzeko asmoz, ekintzak egiten jarraitzeko asmoa daukatela nabarmendu du.