Ondarroako Aurrera Kirol Elkarteak Kadete mailako nesken futbol txapelketa antolatu du zapatu [ekainak 9] goizerako, Lea-Artibai eskualdean eta, bereziki, Ondarroan,
nesken futbola sustatzeko asmoagaz.
Partiduak Zaldupen jokatuko dira
10:00etatik 14:00etara, eta bertan
sei taldek parte hartuko dute, bi multzotan banatuta. A multzoan Aurrerarekin batera Zarautz eta Leioako ariko dira. B multzoan, berriz, Eibar, Amaikak Bat eta Zumaiako. Aurrerak jakitera eman duenez, Lekeitio F.T.ko hiru jokalarik ere Aurrerako neskekin parte hartuko dute txapelketan, “eskualdeko nesken futbola sustatzeko bi taldeek daukaten helburuari jarraituz”.
Aurrerako neska kadeteen taldea. Argazkia: Aurrera
20 minutuko partiduak jokatuko dituzte, eta multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte eta hirugarren geratzen direnek bosgarren eta seigarren postuak. “Aurrerak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu herriko neska futbolariak babestera zapatuan”.
Emakumeen lana goraipatzeko. Zuzendaritza batzordeak txapelketari I. Neskatila Txapelketa izena jartzea erabaki du, “Ondarroako herriak beti izan duelako itsasoarekiko lotura estua, eta bertako familia gehienak itsasotik bizi izan direlako”.
Testuinguru horretan, eta gehienetan gizonen lana bakarrik nabarmentzen dela iritzita, hain garrantzitsua izan den emakumeen lana ere goraipatu nahi izan dute batzordekideek. “Emakume askok, familiak aurrera ateratzeko, umeak zaindu eta hezi egiten zituzten eta dituzte senarrak arrantzan ari diren bitartean. Aldi berean, itsasontziek portura jotzen zutenean arrain bodegetan sailkatzeaz arduratzen ziren eta dira oraindik ere”. Guzti horregatik, Aurrera Kirol Elkarteak txapelketa antolatu nahi izan du herrian emakumeek egindako lan azpimarratzeko, eta bidez batez,
nesken futbolari ere bultzada emateko.
[EGITARAUA]