EusGazteak, egun arrakastatsua
Euskararen erabilera bultzatzeko asmoagaz, EusGazteak Eguna ospatu zuten zapatuan, Gernika-Lumon. Antolatzaileek egunaren balorazio «oso positiboa» egin dute.Zehaztutako helburuak betetzeak poztasuna eragiten du, adostutakoak behar modura bete direla...
Euskararen erabilera bultzatzeko asmoagaz, EusGazteak Eguna ospatu zuten zapatuan, Gernika-Lumon. Antolatzaileek egunaren balorazio «oso positiboa» egin dute.
Zehaztutako helburuak betetzeak poztasuna eragiten du, adostutakoak behar modura bete direlako. Asebetetze horrek, gainera, lanean jarraitzeko gogoa dakar. Hori da, hain zuzen, EusGazteak Egunaren antolatzaileei gertatutakoa; lana «ondo» eginda egoteak egunaren balorazio «oso positiboa» eragin du.Gernika-Lumoko euskararen erabilera bultzatzeko asmoagaz, AHIZE-AEK aholkularitza zerbitzuaren EusLiderrak proiektuak antolatutako eguna izan zen zapatuan ospatu zena.
Inguruko herrietan euskara sustatzeko «nahiagaz» abiarazi zuten EusLiderrak proiektua AHIZE zerbitzukoek; izan ere, hizkuntza ohituretan eragiteko tailerra dela aitortu dute. Hori horrela, proiektuaren barnean aktibatutako Barrutialde eta Gernikako Institutuko zortzi ikaslek inoren laguntza barik euskarazko ekintzez bete zuten herria.
Helburuak bete zituzten antolatzaileek; izan ere, euskaraz aritu ziren EusGazteak Egunean parte hartu zuten parte hartzaile zein antolatzaile guztiak.
Marrazki lehiaketa
Antolatzaileek espero zuten baino jende gehiagok parte hartu zuen marrazki lehiaketan. Guztira 200 marrazkitik gora batu zituztela azaldu dute, eta denak Astrako erakusketan jarri zituztela nabarmendu dute. Lehiaketan parte hartzeko euskara zer den azaldu behar izan zuen ikasle bakoitzak.
Arratsaldean burutu zen sari banaketa, eta adin tartearen arabera erabaki zituzten irabazleak. 8 urteko gazteetan Libe Zabalak irabazi zuen; 12 urtekoetan Andrea Gorneauk eta Elene Arrizabalagak jaso zuten saria; 14 urteko gazteetan Paule Zugazarena izan zen onena, eta 16 urtekoetan, berriz, Ane Aldanarena.
Aukeraketa zabala
Marrazki lehiaketaz gain, bestelako ekintzak egin zituzten herrian. Altxor ezkutua jolasagaz hasi zuten eguna Europako Herrialdeen Parkean gazteek. Adin guztietako hiru talde hurbildu ziren jokatzera.
Arratsaldean, jende gehiago bertaratu zen Astrako ekintzetara, batez ere, marrazki lehiaketako sari banaketara eta DBH 3. mailako ikasleek emandako kontzertura. Hala ere, umeentzako jolasak ere egin zituzten.
Emanaldiko musikagaz bukatu zuten jardunaldia Astran. Kontzertuan euskal kantuak abestu zituzten gazteek, beti ere, euskara bultzatzeko asmoari jarraituz. Horrenbestez, kontzertuagaz amaitu zuten EusGazteak Eguna; musikagaz eta jarritako helburuak betetzearen sen- tsazio onagaz.