Aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko ekintzak egingo dituzte
Zapatuan kantu bazkaria egingo dute KZeta Taldeagaz, Herriko Tabernan. Hilaren amaieran Irakurketa Txokoa eta euskal ohitura eta kondairei buruzko hitzaldia emango du KaltzakortakAisialdian euskararen erabilera bultzatu asmoz, hilabete honetarako hiru ...
Zapatuan kantu bazkaria egingo dute KZeta Taldeagaz, Herriko Tabernan. Hilaren amaieran Irakurketa Txokoa eta euskal ohitura eta kondairei buruzko hitzaldia emango du Kaltzakortak
Aisialdian euskararen erabilera bultzatu asmoz, hilabete honetarako hiru ekitaldi prestatu dituzte. Lehenengoa zapatuan Herriko Tabernan egingo duten kantu bazkaria da.14:30ean elkartuko dira bertan, eta KZeta Taldeak girotuko du bazkaria. Tabernan eskuratu daitezke txartelak, 10 euroren truke, eta gaur da txartelak erosteko azken eguna.
Hurrengo bi saioak hilaren 22an eta 23an izango dira. Hilaren 22an Irakurketa Txokoa egingo dute Udal Liburutegian; Kirmen Uribe ondarrutarraren Mussche liburuari buruzko solasaldian batuko dira herritarrak.
San Joan bezperan Euskal Herriko ohituren eta kondairen inguruko hitzaldia emango du Jabier Kaltzakortak, Txori Tabernan. «Data hori aprobetxatuta, San Joan suen ohitura eta bestelakoak nondik datozen azaldu, eta zenbait kondaira eta istorio kontatuko ditu», esan du Urtzi Uriarte euskara teknikariak.
Kale neurketa
2015ean euskararen ezagutzari buruzko galdetegi bat bete zuten herritarrek, eta 2016an euskararen erabileraren kale neurketa egin zuten, eta esparru batzuk landu beharra zegoela ikusi zuten. Batez ere taberna giroan edo aisialdian gaztelaniarako joera zegoela eta, tabernetako arduradunekin horretaz berba egin zuten. Uriartek azaldu duenez, elkarlanean egoerari buelta emateko zer edo zer egitea pentsatu zuten: «Giro hori euskalduntzeko eurek esku bat botatzeko prest zeuden galdetu genien. Eta pentsatu genuen orain arte moduan, ekintzak udal aretoan egin beharrean tabernetan egitea. Arazoa dagoen lekura joatea erabaki genuen».
Irakurketa Txokoa
2015eko galdetegiak parte hartze handia egon zela zehaztu du euskara teknikariak, eta handik ateratako ondorioetako bat izan zen euskaraz irakurtzeko ohitura falta: «Jendeak aitortzen zuen zailtasunik handiena euskaraz irakurtzeko zutela; telebista eta irratia euskaraz ikusi eta entzun arren, irakurtzeko zailtasunak zituztela, eta erabaki zen txokoa martxan ipintzea».
Aurrerantzean, euskalzaleen topagune bihurtu gura dituzte tabernak, urtean hainbat ekintza antolatuz. «Oraindik datarik zehaztu ez badugu ere, Hondamendin eta Sindikatun ere ekitaldiak egingo ditugu».