Hainbat elkarretaratze egin dira egunotan Iñaki Abad, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizolaren atxiloketa eta espetxeratzea salatzeko. Lau gazte altsasuarrak martitzenean [ekainak 5] espetxeratu zituzten, eta orduz geroztik
hainbat protesta egin dira; tartean, Ondarroan eta Mutrikun elkarretaratzeak egin ziren eguaztenean [ekainak 6]. Herri bietan dozenaka herritar kalera atera ziren protestan, “neurrigabeko” atxiloketak eta espetxeratzeak salatzeko.
Ondarroan, esaterako,
elkarretaratze zaratatsua egin zuten Alamedan,
Altsasukoak Aske. Muntaia polizialik ez lelopean. Hainbat herritar batu ziren mobilizazioan, eta hilaren 16an Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako sententzia gaitzesteko Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten.
Altsasuko atxiloketen protesta, Ondarroan
Mutrikun, bestalde,
asanblada egin zuten Beheko Plazan. Kartelak eta pankartak prestatu zituzten hainbat herritarrek, eta bien bitartean, elkarretaratzea ere egin zuten herriko hainbat eragilek eta norbanakok. “Injustizia hau ezin dugu onartu. Basakeria bat iruditzen zaigu, eta bat egiten dugu Altsasuko familiarekin”, azaldu zuten asanbladan parte hartu zuten hainbat herritarrek.
Era berean, zapatuan [ekainak 9] Goiko Plazatik 13:00etan irtenda
manifestazio zaratatsua egingo dute
Injustizia honen aurrean atera zure amorrua zaratarekin lelopean. “Zartaginak, kazularak, txilibituak, adarrak… zarata ateratzen duen edozer ekartzeko gomendioa egiten diogu herritarrei”.
Hilaren 16an egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin dute Mutrikun, eta horretarako
autobusak antolatu dituzte. Zubixa eta Zubiaramen izena emateko zerrendak zabalik daude. Autobusak 15:00etan irtengo du Mutrikuko Goiko biribilgunetik.
Altsasuko atxiloketen protesta, Mutrikun
Altsasuko atxiloketen aurkako protesta, martitzenean, Mutrikun.