Azken hilabeteetan Arretxinagako baselizan hobekuntzak egin ostean, sainduen irudiak zaharberritzera bidaliko ditu Markina-Xemeingo Udalak. Arretxinagako Migel Deunaren jatorrizko irudi zaharra eta Madalenarena zaharberritu zituzten lehenengo; orain berriz, koruan gordeta egon diren beste
hiru sainduren irudiak –Antolin Deuna, Paulo Deuna eta Jazinto Deuna– eta
Santa Apoloniaren koadro bat konpondu nahi dituzte. Horiez gain, kanposantuan dagoen
Kristo Gurutziltzatua ere zaharberrituko dutela jakitera eman du udalak.
Arretxinagan dagoen Santa Apolonaren koadroa.
Zehaztu dutenez, konponketak egiteko lekualdatu egingo dituzte denbora batez. “Behin pieza guztiak garbitu eta zaharberritu ostean Xemeingo elizako koruaren beheko aldean eratu nahi den museora eramatea da asmoa”. Izan ere, Eleiz Museoagaz elkarlanean museo bat jarri nahi du udalak Xemeinen, bertako eta Arretxinagako ondarea bertan jaso ahal izateko.
Hala, behin konponduta, sainduen irudiak bertara eramango dituztela azaldu dute. “Kristo Gurutziltzatua, ostera, bere jatorrizko lekura, kanposantura, itzuliko da”.
HONEKIN LOTUTA: Arretxinagako ermita atontzen ari da udala