Emakumeen II. Berritxu Saria txirrindulari lasterketa, zapatuan
Kadete, junior, 23 urtez azpiko eta elite mailetako txirrindulariek lehiatuko dute zapatuan [ekainak 9] Berriatuan. Junior, 23 urtez azpiko eta eliteko Emakumeen Euskaldun Txapelketaren barruko lasterketa da. 14:45ean hasiko da kadeteen lehia, eta gainontzekoek 16:30ean dute irteera ordua. Gaztetxoenek 42 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta besteek, berriz, 75 kilometrokoa.
Kadeteak Berriatuan irten eta Ondarroara helduko dira, handik Berriatuara bueltatu, eta Markina-Xemeinera joango dira. Gero, Milloitik Oletara heldu, eta Lekeitiorantza abiatuko dira. Mendexan, kostaldeko bidetik Ondarroara joan, eta handik helmugara ailegatuko dira. Nagusiek, ostera, ibilbide berari bi buelta emango dizkiote.
Parte hartzaile kopurua zapatuan bertan jakingo dute, baina Berriatuko Txirrindulari Elkarteko ordezkariek esan dutenez, iazko parte hartzea izatea espero dute. Hain zuzen, iaz 103 txirrindularik lehiatu zuten Emakumeen I. Berritxu Saria.
Euskal Herriko taldeetako kideekin batera, Kantabriatik, Kataluniatik edota Madrildik etorritako taldeak batuko dira Berriatuan. Lasterketa lehiatuko duten txirrindularien artean, bakarra izango da etxekoa. Berangoko Bioracer taldeko Udane Bilbao berriatuarrak kadeteen lasterketan parte hartuko du, eta juniorretakoan lehiatuko da CAF taldeko Amaia Lartitegi busturiarra.
Sariak. Kadeteetan lehenengo hiru sailkatuak sarituko dituzte, eta Lea-Artibaiko lehenengoarentzat ere saria dago. Halaber, mendiko, tarteko helmugako eta taldekako sariak ere banatuko dituzte.
Nagusietan (junior, 23 urtez azpiko eta elite) lehenengo hirurek jasoko dute saria, baina, horrez gain, 23 urtez azpikoen kategoriako lehenengoa ere sarituko dute. Beraz, lasterketa 23 urtez azpiko batek irabaziz gero, bi sari jasoko lituzke. Mendiko, tarteko helmugako eta taldekako sariak ere egongo dira.