Udal liburutegiko erabiltzaileek ikasteko leku falta salatu dute
Sinadura bilketa jarri dute martxan, udalari eskaria bideratzeko. Udalak, bere aldetik, udal liburutegiaz gain, ikasteko beste bi gune zabaldu ditu ikasleentzatGernika-Lumoko udal liburutegiko erabiltzaileek herrian ikasteko leku falta dagoela salatu d...
Sinadura bilketa jarri dute martxan, udalari eskaria bideratzeko. Udalak, bere aldetik, udal liburutegiaz gain, ikasteko beste bi gune zabaldu ditu ikasleentzat
Gernika-Lumoko udal liburutegiko erabiltzaileek herrian ikasteko leku falta dagoela salatu dute. Udalak ematen duen zerbitzua «onartezina» dela adierazi, eta «urtero legez», azterketa garaian sortzen diren ilarak salatu dituzte.«17.000 biztanleko herri batean 54 ikasteko toki baino ez dira eskaintzen», eta zerbizu hori «desegokia» dela azaldu dute. Horrela, udal liburutegia zabaldu baino lehen, «ordu erdiko ilarak» egin behar izaten dituztela esan dute, eta zabaldu aurretik bertaratzerik ez duten herritarrak «ikasteko leku barik» geratzen direla gehitu dute.
Horregatik, udalari «hartu beharreko» neurriak hartzeko eskatuko diote liburutegiko erabiltzaileek, eta sinadura bilketa bat jarri dute martxan. Dagoeneko 567 sinadura batu dituztela azaldu dute.
Sinadura bilketa liburutegian zein Change.org interneteko plataformaren bidez bideratu dute, eta sinatzeko epea oraindik zabalik dagoela jakinarazi dute. Ondoren, udalean aurkeztuko dute dokumentua.
Udal liburutegiaz gain, Gernika-Lumoko Udalak ikasteko beste bi gune zabaldu ditu ekainerako; Maria Agirre aretoa eta Aita Luis Villasante euskaltegia.
Udalaren esanetan, udal liburutegiaren ordutegia eta beste bi guneak Batxillergo eta Unibertsitateko ikasleek eta oposaketak prestatzen dabiltzanak ikas dezaten zabaldu dituzte; «ikasleen beharrizanak» asetzeko.
Gune horiek, baina, «desegokiak» direla adierazi dute erabiltzaileek: «Zabaldutako gelak ez dira egokiak. Besteren artean, guneek ez baitituzte lokiak, Interneteko konekzio eskasa dute, eta mahaiak borobilak dira».
Gune berriak «momentuko konponbidea» direla eta ez direla nahikoa gaineratu dute: «Hartu beharreko erabakiak orain hartu dituztenak baino handiagoak izan behar dira».
Erabaki horiek oposaketetara aurkeztuko diren ikasle nagusien kexen ondorioa izan direla argudiatu dute erabiltzaileek.