Baxurako arrantzaleek gutxi gorabehera aurtengo antxoaren
kuotaren %90a arrantzatu dutenez, antxoeta zarratzea erabaki dute. Gauerdian itxi dute lehen seihileko kanpaina, behin-behinean.
Ondarroako Kalare Deuna Kofradiako arduradunek jakitera eman dutenez, Europar Batasunak ezarritako kuota betetzear dagoenean hartzen den
ohiko erabakia da. “Normalean, kuotaren %90a gainditzen denean, badaezpadako neurria hartzen da. Kanpainan arrantzatu den kopurua zehatz zenbatzen dute, eta modu horretara, ezer geratzen den edo ez ikusten da. Kuota guztia amaitu ez baldin bada, baloratu egiten da kopuru hori bigarren seihileko kuotari gehitu edo ez. Era berean, kuota guztia agortuta baldin badago, hurrengo seihilekoari datorren urtekotik kendu edo ez baloratzen da”.
Kofradiako arduradunek aurreratu dutenez,
uztailean berriro zabalduko da kanpaina, bateko edo besteko erabakia hartuta. “Bigarren seihilerako beti egoten da antxoa kuotaren zati bat gordeta”.
Hondarribiako ‘Arrantzale’ ontziko marinelak antxoa deskargatzen, atzo goizean, Ondarroan
Kuota amaitzeko gutxi falta zela jakitun, antxoa arrantzatzen aritu diren ontziak kuota bete arteko azken kiloak harrapatu nahian aritu dira egunotan. Kopuru aldetik arrain asko saldu da bentan. Egunero
14.000 eta 16.000 kaxa inguru (120-130 tona) lehorreratu dituzte, baina, oro har, ale txikiak (kiloan 50-60 ingurukoak) izan direla azaldu dute. Tamaina aldetik arrain txikia izan denez, merke saldu da; kiloa, euro batetik behera saldu da bentan.
Hegaluzetan ibiltzen diren San Pedro bueltan itsasoratzeko asmoa agertu dute
Eguenean [ekainak 7] porturatu zituzten azken antxoak. Eguna argitzearekin batera, asko izan ziren antxoa porturatu zuten ontziak. Ondarroan porturatu zuten gehiena oso txikia izan zen. “
Getaria paretik Gijon parera arte kosta guztian zehar ibili dira arrantzan. Zenbat eta mendebalderago arraina zer edo zer handiagoa izan da”.
Kanpaina martxoaren 1ean hasi zen, eta Ondarroan azpimarratu dutenez, “polito” joan da. “
Kopuru aldetik oparoa izan baldin bada ere, prezioak baina ez du askorik lagundu. Izan ere, arraina ere tamaina aldetik txikia izan da. Aste batean porturatu zuten tamaina handiko arraina, baina, bestelakoan, txikia izan da”.
Hegaluzetan ibiltzen diren ontziak, berriz, kanpaina hasteko prestaketa lanetan ari dira egunotan. “San Pedroetan itsasoratzeko asmoa dute”. Aurretatu dutenez, kazan ibiltzen diren batzuk itsasoratuta daude.