Antxoaren kanpaina gauerdian zarratu dute, behin-behinean
Ezarritako kuota betetzear dagoenean hartzen den ohiko erabakia da. Kontrakorik egon ezean, uztailean zabalduko da berriro arrantzua. Kanpaina «polito» joan dela azaldu duteBaxurako arrantzaleek gutxi gorabehera aurtengo antxoaren kuotaren %90 arrant...
Ezarritako kuota betetzear dagoenean hartzen den ohiko erabakia da. Kontrakorik egon ezean, uztailean zabalduko da berriro arrantzua. Kanpaina «polito» joan dela azaldu dute
Baxurako arrantzaleek gutxi gorabehera aurtengo antxoaren kuotaren %90 arrantzatu dutenez, antxoeta zarratzea erabaki dute. Gauerdian itxi dute lehen seihileko kanpaina, behin-behinean.Ondarroako Kalare Deuna Kofradiako arduradunek jakitera eman dutenez, Europako Batasunak ezarritako kuota betetzear dagoenean hartzen den ohiko erabakia da. «Normalean, kuotaren %90a gainditzen denean, badaezpadako neurria hartzen da. Kanpainan arrantzatu den kopurua zehatz zenbatzen dute, eta modu horretara, ezer geratzen den edo ez ikusten da. Kuota guztia amaitu ez baldin bada, baloratu egiten da kopuru hori bigarren seihileko kuotari gehitu edo ez. Era berean, kuota guztia agortuta baldin badago, hurrengo seihilabeterako arrantzuarentzat datorren urtekotik kendu edo ez ere baloratzen da».
Kofradiako arduradunek aurreratu dutenez, kontrakorik egon ezean, uztailean berriro zabalduko da kanpaina, bateko edo besteko erabakia hartuta. «Bigarren seihilerako beti egoten da antxoa kuotaren zati bat gordeta».
Kuota amaitzeko gutxi falta zela jakitun, antxoa arrantzatzen aritu diren ontziak kuota bete arteko azken kiloak harrapatu nahian aritu dira egunotan. Kopuru aldetik arrain asko saldu da bentan. Egunero 14.000 eta 16.000 kaxa inguru (120-130 tona) lehorreratu dituzte, baina orokorrean, ale txikiak (kiloan 50-60 ingurukoak) izan direla azaldu dute. Tamaina aldetik arrain txikia izan denez, merke saldu da; kiloa euro batetik behera saldu da bentan.
Atzo porturatu zituzten azken antxoak. Eguna argitzeagaz batera, asko izan ziren antxoa porturatu zuten ontziak. Ondarroan porturatuko gehiena oso txikia izan zen. «Getaria paretik Gijon parerainoko kosta guztian zehar ibili dira arrantzan. Zenbat eta mendebalderago, arraina zer edo zer handiagoa izan da».
Hegaluze kanpaina
Kanpaina martxoaren 1ean hasi zen, eta Ondarroan azpimarratu dutenez, «polito» joan da. «Kopuru aldetik oparoa izan baldin bada ere, prezioak ez du askorik lagundu. Izan ere, arraina ere tamaina aldetik txikia izan da. Aste batean porturatu zuten tamaina handiko arraina, baina, bestelakoan, txikia izan da».
Hegaluzetan ibiltzen diren ontziak, berriz, kanpaina hasteko prestaketa lanetan ari dira egunotan. «San Pedro jaietan itsasoratzeko asmoa daukate». Aurretatu dutenez, kazan ibiltzen diren batzuk itsasoratuta daude.