Urrezko Luma saria jaso du Joan Mari Torrealdai foruarrak
Bilboko 48. Liburu Azokaren Urrezko Luma jaso du Joan Mari Torrealdai kazetari eta idazle foruarrak.Astelehenean jaso zuen saria Torrealdaik, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren eta Asier Muniategi Azokako arduradunaren eskuetat...
Astelehenean jaso zuen saria Torrealdaik, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren eta Asier Muniategi Azokako arduradunaren eskuetatik.
Gogo handiz hartu zuen idazleak Urrezko Luma, urteetan zehar egindako lanaren ikur bezala ikusita. Torrealdairen berbetan, urrezko luma horretan irudikatzen du euskarari egin zaizkion «irain, zigor eta injustizien kontra» erabili duen «espiritu kritiko salatzailea». Gainera, «Euskal Herriari jartzen zaizkion traba, zentsura eta politika beltzak aztertu eta agerian jarri» nahi izan dituela adierazi du.
Gaineratu duenez, bere lumagaz «Euskal Herria, bere txikian, errealitate oso bat, unibertso bat», dela erakusten ahalegindu da Torrealdai, eta «euskal kultura aberatsa dela, anitza eta askotarikoa» dela aldarrikatu nahi izan du.
Jose Mari Sors Elkar fundazioko lehendakaria egon zen ekitaldian, eta foruarraren lana goraipatu zuen, idazleak euskara beti «bere bizitzaren erdigunean» kokatu duela nabarmenduz.
Euskarari jazarpena
Foruko idazleak Asedio al euskera, mas alla del libro negro liburua argitaratu du aurten, euskarak historian izan dituen mespretxuak agerian utziz. 2.700 aipu bildu ditu liburuan, euskarari egin zaion jazarpena salatu nahian.