Euskadi Fundazioagaz bere lehen itzulia lortu du Txomin Juaristi Arrieta txirrindulari markina-xemeindarrak.
Lleidako 61. Volta Ciclista Internacional hiru eguneko itzulian nagusitu da Juaristi, maila handia erakutsiz. Lehen etapatik ibili zen aurrean txirrindulari markina-xemeindarra, eta bigarren etaparen garaipenagaz itzulia bere egitea lortu du.
Txomin Juaristi Arrieta Lleidako Voltako itzuliko oholtza gainean. Argazkia: Mikel Txurruka
Itzuliaren hasieratik ibili da
aurrean Juaristi. Lleida eta Tremp artean lehiatu zen lehenengo etapan, helmugaratu zen lehenengo taldean igaro zen helmuga azpitik, eta bosgarren postuan gelditu zen. Tremp eta Tremp arteko bigarren etapan berriz,
erakustaldia eman zuen. Ihesaldi baten ondoren, bakarrik sartu zen helmugan 2 minutu eta erdiko abantailagaz, eta garaipen nasai horren ondorioz lidergoa arazorik barik mantendu ahal izan du itzuliaren amaierara arte.
Lleidako Volta 10.08.52 denboragaz amaitu du Euskadi Fundazioko txirrindulariak eta
2 minutu eta 24 segundo atera dizkio bigarrenari, Hugo Reinier (Smartdry) holandarrari.
Txomin Juaristi Arrieta garaipena, mendiko saria eta taldekakoa ospatzen.
Bere inguruko guztiei eskaini die garaipena Juaristik. “Talde osoak merezi zuen garaipena hemen”, adierazi du. Juaristirena Euskadi Fundazioaren
denboraldiko lehen garaipena izan da.
[Argazki Galeriako argazkiak: Maria Torres]