Erabakiaren aro berrian, ilusioz
175.000 pertsona elkartu zituen domekako Gure Esku Dago-ren giza kateak. Donostia, Bilbo eta Gasteiz batu zituen ia 202 kilometroetan Herritarron ituna garraiatu zuten eskuz esku.Arrakastatsua eta ezinbestekoa. Horrela laburbildu du Gure Esku Dago-k do...
175.000 pertsona elkartu zituen domekako Gure Esku Dago-ren giza kateak. Donostia, Bilbo eta Gasteiz batu zituen ia 202 kilometroetan Herritarron ituna garraiatu zuten eskuz esku.
Arrakastatsua eta ezinbestekoa. Horrela laburbildu du Gure Esku Dago-k domekako giza katea. Kilometroz kilometro, deialdiari erantzuna emanez elkartu ziren 175.000 euskal herritar inguru. Eskutik oratuta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituen giza kateak, 202 kilometro. 100.000 lagun batzeko erronka jarrita zeukan GED-k, eta hori gaindituta, ilusioz eta pozik agertu ziren bertako kideak.Busturialdetik, esaterako, 1.200 bat pertsona hurreratu ziren. 82. kilometroan (Berriz) egon ziren herri txikietako bizilagunak; 93-94. kilometroan (Iurreta-Zornotza) elkartu ziren gernikarrak, eta Bermeoko, Busturiko eta Mundakako herritarrak Galdakao eta Etxebarri lotu zituen 112-113. kilometroan izan zuten geralekua.
Mutrikuarrak 53-54. kilometroan egon ziren, ondarrutarrak 76-77. kilometroetan, Lea-Artibaiko herri txikietakoak, Mallabian eta Zaldibar eta Berrizen artean batu ziren; Markina-xemeindarrak 79. kilometroan, eta lekeitiarrak eta mendexarrak 168-169. kilometroetan. Euskal Herri osotik 1.000 autobusetik gora mobilizatu ziren.
Mutrikuarrak Deba parean egon ziren, eta erraldoi, trikitilari eta pandero jotzaile eta guzti joan ziren. 80 lagun, gainera, oinez joan ziren Mutrikutik; menditik egin zuten bidea.
Ondarrutarrek ere ondo girotu zituzten eurei egokitutako bi kilometroak. Hala, Andrabanda feministako kideen danbor hotsa urrunera ailegatu zen.
Lekeitiarrek ere txarangagaz girotu zuten euren eremua. Bestalde, markina-xemeindarrak eta aulestiarrek jai giroan amaitu zuten eguna. Izan ere, giza katean parte hartu eta Markina-Xemeinera itzuli ostean, jolasak, dantzak eta bestelako ekintzak egin zituzten, festa giroan, herrigunean.
Eskuz esku Herritarron Ituna pasatu zuten; katearen mutur batean, Donostiako Boulebarretik Paulo Muñoa 77 urteko gabiriar donostiartuak abiarazi zuen liburua, eta Aroa Arizubieta 16 urteko gazteak hartu zuen Gasteizen. Eusko Legebiltzarreko atarira iritsi zen ituna, baina «bide luzeagoa» egin nahi du dinamikak, dokumentua Nafarroako Parlamentura igorriz.
Eusko Legebiltzarraren aurrean amaitu zen katea, eta mezua argia izan zen: Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politiko-juridikoari buruz eztabaidatzen ari den Autogobernu Lantaldeak domekan bildutakoen ahotsa aintzat hartzea.
Herritarrekin batera, EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemoseko politikariak ere atera ziren kaleetara edota errepideetara. Bai eta politikari katalanak ere: Junts Per Catalunyako parlamentari Aurora Madaula, CUPeko Mireia Boya, Omnium Culturaleko Ignasi Termes eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente Elisenda Paluzie eta Gabriel Rufian ERCko diputatua.
Halaber, leku esanguratsua izan zuten pentsiodunek, mugimendu feministak eta Altsasuko gazteen gertukoek.
Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren aro berritzat definitu du Gure Esku Dago-k momentu hau. Estatus politikoaz erabakitzeko eskubidea gauzatzeko formula «denon artean, adostasun zabalak eraikiz bilatu, eztabaidatu, eta adostu» behar dela azpimarratu zuten domekan, modu librean eta demokratikoan. Horretarako, erabakitzeko eskubidearen aldeko «sare iraunkorra» bultzatuko dute.
Jone Amonarrizek irakurri zuen manifestua, eta gogora ekarri zuen milaka arrazoi ditugula, maila pertsonalean zein kolektiboan, gure bizitzetan zuzenean eragiten digutenak gure etorkizunaz hitza hartu ahal izateko. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa ez ezik, demokraziaren, oinarrizko eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen defentsaren aldekoa izan zela adierazi zuen.
Duintasunez aurrera
12:30ean giza katea amaitu, eta ordubete geroago, Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ren eledunak zorion berbak izan zituen euskal herritarrentzat. Bidea luzea dela adierazi zuen, eta 2014koa legez, domekakoa ere egun handi bat izan zela; orain dela lau urte baino 25.000 bat pertsona gehiagok egin zuen bat deialdiagaz. «Ez dago porrotik. Porrot handiena ezer ez egitea da. Gaurkoa entsegu txiki bat izan da, baina ezinbestekoa etorkizunari aurre egiteko. Herri bezala duintasunez aurrera egiteko ezinbestekoa izan da. Etorkizuna daukagu irabazteko, eta elkarrekin pausoak ematera deitzen ditugu herritarrak. Abian da ziklo berri baten hasiera». Historikoa izan zen domekakoa.