Asteburuan Ciudad Realen (Gaztela-Mantxa, Espainia) lehiatu den 18 urtetik beherakoen Espainiako txapelketatik emaitza onekin itzuli dira
Ainara Mugartegi Solozabal eta
Aiora Agirregomezkorta Gandiaga atleta markina-xemeindarrak. Euskal Selekzioak aukeratuta joan ziren biak federazioen arteko norgehiagokara.
3. postua eskuratu zuen Mugartegik 400 metroko proban. 57.60 denboran ezarrita duen marka baino gehiago egin zuen 58.26, hala ere, maila handia erakutsi zuen Durango Kirol Taldeko atleta gazteak. 4×400 errelebo mistoetan ere parte hartu zuen, eta Euskal Herriko taldeak 3. postua eskuratu zuen 3.37.35 denbora eginez.
Aiora Agirregomezkorta Ciudad Realen. Argazkia: Tximista
Aiora Agirregomezkortak, berriz, 800m-ko lasterketan parte harte hartu zuen. Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeko kirolariak ez zuen bere marka pertsonala hobetzerik izan, baina ondo aritu zen, eta
6. postuan helmugaratu zen 2:23.80ko denborara osatuz.
Euskadiko probak. Zapatu [ekainak 9] goizean Basauriko atletismo pistan lehiatu ziren federatuen probetan parte hartu zuten, bestalde, Lekeitioko Tximista Atletismo taldekoek eta berri oso onak izan zituzten. “
Araitz Rinconek promesa kategoriko (23 azpikoak) Espainiako txapelketarako txartela lortu zuen 800m-tan 2:20.05 eko marka bikainagaz, bere marka pertsonala hobetuz”, azaldu dute.
Araitz Rincon garaikurra eskuetan duela. Argazkia: Tximista
Leire Alonso lekeitiarrak ere 3. postua lortu zuen Euskadiko Gazteen Txapelketako jabalinako proban, 24metro eta 40 zentimetroko jaurtiketagaz. “Nora Agirrek, luzera jauzian eta jabalinan parte hartu zuen”.
Arratsaldean, ostera, Tximista atletismo taldeko neskek Euskadiko
20 urte azpiko taldekako txapelketan parte hartu zuten eta 6. postuan gelditu ziren. Oihane Alejandre 8. gelditu zen 100m-ko proban, Maitane Laka 6. 200m-tan ( 28.36 marka pertsonala), Naiara Virto 3. 400m-tan, Olatz Martiartu 8. 800m-tan, Irati Iriondo 5. 400 metro hesietan (1:11.82), Maite Goitiak lehen postua lortu zuen jabalinan, Oihane Gonzalez lehena izan zen pisuan, Ines Lauzirika 2.a izan zen luzeran (4,97 marka pertsonala), Izaro Jaiok pertigan parte hartu zuen eta Alaitz Zabala lehenengoa izan zen 5km martxako proban.
Mugartegi, Jaio, Idigoras eta Oar-Arteta 16 urtez azpiko txapelketan. Argazkia: Durango Kirol Taldea
Lea-Artibaiko beste atleta batzuk berriz, Euskadiko
16 urte azpiko norgehiagoketan parte hartu zuten, emaitza onekin bai eta ere. Gorka Mugartegi Solozabal, Xabat Oar-arteta Urkidi eta Mikel Ausan Aretxabaleta markina-xemeindarrak 3. eta 4.postuak lortu zituzten pisu jaurtiketan, 300 metro hesietan eta 600 metrotan hurrenez hurren. Igor Jaio Bustindui aulestiarra, berriz, 2. postuan gelditu zen jabalinan eta Xuban Idigoras Azpiazu etxebarritarra 3.a izan zen 100 metroko lasterketan. Federatu mailan debutatu zuten guztiek Durango Kirol Taldeagaz.
Espainiako lehiara. Datorren asteburuan, Avilesen (Asturias) egongo den Espainiako 16 urtez azpikoen txapelketan parte hartuko dute Lea-Artibaiko atletek. Tximista taldeko
Aiora Gojenolak 3km martxako proba egingo du, eta Durango Kirol Taldeko
Sarai Larrinaga Lejardi etxebarritarrak pisu jaurtiketan parte hartuko du. Biak Euskadiko Selekzioagaz ariko dira.