Domekan [ekainak 17] egingo da Lasterbidean lasterketa solidarioa,
Animatzen zaz aringeingan etxea? lelopean. Korrikaren kirol eremutik jaiotako euskal errepresaliatuekiko eta euren gertuekiko elkartasun herri ekimena seigarrenez egingo da Ondarroan. Aurretik Oiartzunen, Larrabetzun, Berriozarren, Araian eta Oñatin egin da
kirola eta aldarrikapena uztartzen dituen lasterketa.
Elkartasuna oinarri hartuta,
1.000 lagun inguru korrika egiten batuko dituztela aurreikusten dute antolatzaileek. Eta denek ere kaleetan korrika eginez herri oso baten borondatea irudikatuko dute. Herri guztiaren laguntza izan dutela azpimarratu dute antolatzaileek. “Ate joka joan garen leku guztietan laguntza eman digute behar izan dugun guztiagaz. Herriko hainbat eragilek ere bat egin dute ekimenagaz”.
Kirolaren bidez elkartasuna adierazi nahi duten guztiei
Ondarroara joateko deia egin diete antolatzaileeik. Deialdia nazionala izanik, Euskal Herriko txoko guztietatik jendea hurbilduko dela espero dute. “Eskualdeko eta kanpoko herritarrak elkartasun egun eder bat ospatzera gonbidatu nahi ditugu”. Horiek denek aparkatu ahal izateko, gainera, aparkatzeko gune bereziak prestatuko dituzte Zaldupe atzean eta institutuan, besteak beste.
Lasterbideaneko antolatzaileak ibilbidea probatzen. Argazkia: Lasterbidean
Dagoeneko, 500 lagunetik gorak eman dute izena kirol proban, eta korrikalariek Lasterbideaneko kamiseta gorriagaz
bi distantzia korrikan egiteko aukera izango dute. Lasterketa luzea 7,2 kilometrokoa da eta laburra, berriz, 3,4 kilometrokoa.
Lasterketa luzea Itsasaurre Plazan hasiko da, eta korrikalariek Artibai ondoko paseolekutik Errenteria auzora arte joan beharko dute korrika. Gero Iturribarrira, Kamiñazpira eta handik Alde Zaharrera joango dira, lasterketa, azkenik, Itsasaurren amaitzeko. Lasterketa motza, berriz, Itsasaurren hasi, eta gero Zaldupera, Iturribarrira, eta handik Alde Zaharretik igarota Itsasaurreraino arteko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek.
09:00etan hasiko da Alamedan dortsal banaketa, eta nahi duenak azken orduan ere izena emateko aukera izango du, lasterketa bat edo besterako. Antolatzaileek aurreratu dutenez,
gauzak gordetzeko lekua ere egongo da, Alamedako erakusketa aretoan.
1 zenbakidun dortsala. Argazkia: Lasterbidean
Banatuko diren dortsalen artean bat berezia ere izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere 1 zenbakidun dortsala larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre preso ondarrutarrari eskainiko diote. Modu horretara oroitu nahi izan dute presoa, eta baita ere bere senideak, lagunak eta Iparra Galdu Baik plataforma. “Iparragirre herritarra denez, keinu hau eduki nahi izan dugu”. Gaineratu dutenez,
dortsal “sinbolikoa” izango da, eta presoaren amari emango diote.
Lasterketa biak amaitzean sari banaketa egingo da Itsasaurren. Helmugan sartzen diren lehen emakumezkoak eta gizonezkoak txapelak jasoko dituzte, eta horiez gain, errepresaliatuek eskuz egindako
oroigarri bereziak banatuko dituzte parte hartzaileen artean.
Baina Lasterbidean ez da bakarrik korrikalarientzako. Zapatillak jantzi eta korrika egin nahi ez dutenek, beste hainbat ekintzagaz gozatzeko aukera izango dute.
Egitarau zabala prestatu dute, eta, besteak beste, herri bazkaria, umeentzako puzgarriak, material salmenta, kale animazioa, ekitaldi nagusia, zozketak… egingo dituzte. Horrez gain, zumba luzaketa ere egingo da musikagaz girotuta lasterketak hasi aurretik. “Jai giroan sartzeko ona izango da. Korrikalariez gain, nahi duen guztiak parte hartzeko aukera izango du”.
OHARRA. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, ekimena dela eta, bidea behin-behinean moztuta egon liteke kale batzuetan. 10:30etik eta 13:00etara bitartean korrikalariak pasako diren ibilbide tartean, eta ahal den neurrian, autoan ez ibiltzeko eskatu dute, korrikalarien segurtasuna ahalik eta ondoen bermatzeko. Bestalde, garajea duten herritarrei, hor egunean ibilgailuak garajean sartzeko eskaera ere egin diete herritarrei.
Lasterbidean ekimenekoLasterbidean ekimeneko antolatzaileak, Ondarroan. Argazkia: Lasterbidean
EGITARAUA
- 09:00. Dortsal banaketa, Alamedan.
- 10:00. Zumba luzaketa, Itsasaurren.
- 11:00. Lasterketa luzearen irteera.
- 12:15. Lasterketa laburraren irteera.
- 13:00. Sari banaketa, Itsasaurren.
- 13:30. Ekitaldi nagusia.
- 14:00. Dantza aereoa Itsasaurre zubian.
- 14:30. Herri bazkaria Itsasaurreko karpan.
- 16:30. Umeentzako ekintzak, Itsasaurren.
- 17:30. Emakumeen pilota partiduak, frontoian
- Lexuri Pardo-Amaia Zarrabeitia/Marikar Zubiau-Paula Iturbide
- Patri Espinar-Irati Ugalde/Maiter Iriarte-Eneritz Arrieta
- 18:30. Kontzertuak Musika Plazan. Garazi Etxaburu, Mikel Etxaburu eta Keu Agirretxea + Hara!
- Egun osoan. Kale animazioa, txosnak (Itsasaurren eta Musika Plazan) eta material salmenta (Alamedan).