Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak bultzatuta, 36ko gerra garaian defentsarako eraikitako Zapolan dagoen instalazio auzolanean garbitu, berreskuratu eta bisitatzeko moduan utziko dute domekan [ekainak 17] egingo duten
Mendi jakintzie berreskuratuz auzolan ekimenagaz.
Zapola mendiaren inguruan egingo duten auzolan ekintza lehenengo pausoa dela esan dute. «Gure hurbileko arbasoen egunerokoak ziren hainbat ezagutza, ohitura eta bizibide galtzeko zorian ditugula uste dugu, eta horregatik bultzatu dugu ekimen hau», esan dute. Ondarea berreskuratzeko auzolan ekintza urtero mantendu nahiko luketeela esan dute. Auzolanean parte hartu nahi duten herritar guztiak ongietorriak izango direla esan dute. «Ekintza hau borondatezko ekarpena da».
Argazkia: Ahaztuen Oroimena
Parte hartzaileak
08:00etan batuko dira Markina-Xemeinen. Izan ere, antolatzaileek lanean hasita egon nahi dute 09:00etarako; goiz bateko lana dela esan dute. «Lana ez da zaila izango. Adarren garbiketa eta pilaketa izango da lanaren ardatza». Teknika gehiago eskatzen dituzten tresnekin horretan adituak direnak ibiliko direla aurreratu dute.
Oro har, lanerako tresnak antolatzaileek eramango dituzte. Baina norbaitek bere lan tresna eraman nahiko balu, aukera edukiko lukeela gaineratu dute.
Larruz baserria eta Zapola tartean dagoen Itxurritxu baserrian egingo dituzte lehenengo lanak
Hori bai, parte hartzaileei
eskularruak eramateko eskatu die. «Horrez gain, tokira joateko bakoitza bere kabuz joan beharko da, baina auto gutxiago erabiltzeko, aurretik koordinatzea eskatzen dugu».
Zehatz esateko, Larruz baserria eta Zapola tartean dagoen Itxurritxu baserrian egingo dituzte lehenengo lanak. «Beharbada, autoak Santa Eufemiko zelaian ustea komeniko litzateke».
Hitzaldia, gaur. Domekako auzolan ekintzaren xehetasun gehiago azaltzeko eta instalazioaren testuinguru historikoa azaltzeko, hitzaldi bilera bat egingo dute gaur [ekainak 15],
20:00etan hasita, Uhagonen. «Bilera irekia izango da. Ez da bakarrik auzolanean parte hartuko dutenei zuzendutakoa». Gainera, aurtengo neguan garatu nahi den beste proiektu baten berri ere emango dute: aurreko mendean desagertutako ikazkin lanbidearen erakusle izango den txondor bat egiteko proiektua.
Bestelako galderarik dutenek
etxebarria1936@gmail.com posta elektronikoa idatzi ahal dute.
“Urregarai-Zapola inguru horretan benetako altxorrak ditugu”
Lehengoa berreskuratzeko auzolan egitasmo horregaz, gertukoa bistaratu eta ezagutzeko pausoak emango dituztela diote. «Sarri, edertasun eta jakinmina asetzeko kanpora eta urrunera begira jartzen gara, eta dugu gurean daukaguna balioan jartzen. Urregarai-Zapola inguru horretan
benetako altxorrak ditugu: paisaia zoragarria, arboladiak, elur zulo bat, lurrazpiko paisaia karstikoa, gerra garaiko instalazioak, meategi, karaobi eta ikazkintzaren aztarnak…». Herritarren laguntzagaz, urratsak eman eta ibilbide bat garatuz, ondare guztiak dokumentatu, uztartu eta eskuragarri jarriko dituzte.
Zapolako bunkerra. Argazkia: Ahaztuen Oroimena
Zapolako instalazioen xehetasunak. Zapolako instalazioko tokirik garrantzitsuena frontera begira eraikitako eta egun «oso egoera onean» dagoen bunker bat da. «Ikusgarria da Intxurritxu baserriaren ondotik bunker honetara bideratuta dagoen eta 450 metro inguruko luzera duen lubakia».
Lubaki horren diseinuak ohikoak diren «zeta»-k dituela diote, eta toki batzuetan, harria apurtuz zabalduta dago. Lubaki horrek
babesleku bat dauka bunkerretik gertu, eta 300 metroko luzera duen eta Urregarai mendi aldera bideratuta dagoen adar bat ateratzen zaio erdialdetik; horrek lotureratarako balio zuela argitu dute. «Adar horrek ere beste babesleku bat dauka».
Oro har, instalazioa
ikusgarria dela diote, baina ingurua ere «oso polita eta aberatsa» dela gaineratu dute. «Artadiz eta pagadiz inguratutako gune lauan dago kokatuta, eta behin garbituz gero, bisitatzeko erraza eta erosoa da».