Zapatu [ekainak 16] arratsaldean lehiatu zen Lekeition
Garraitz Kirol Taldeak antolatutako Lekeitioko 26. triatloia. Parte hartze handia eta giro ona izan ziren nagusi. 475 triatletak eman zuten izena sprint distantziako probarako (0,750km – 21km – 5km), eta eguraldi ona izan zuten bidelagun.
Ohi bezala, lehen atala, igerikoa, Isuntzako hondartzan hasi zen. 17:00tan hasi zen emakumeen lasterketa; eta gizonezkoak 15 minutu beranduago atera ziren. Haiseratik jarri ziren aurrean australiarrak. Emakumeetan borroka estua egon zen lehen hiruren artean. Emma Jeffcoat izan zen uretatik irteten lehenengoa. Dena dela, bizikletako tartean aurrea hartu zioten Gentlelek eta MacShanek, eta bi haien artean egon zen azkenean txapelerako lehia bizia.
Mireia Arrillaga triatloian parte hartzen. Argazkia: Lekeitioko Udala
Milan Agnew junior mailako australiarra izan zen 4. emakumea, eta helmugan sartzen 5.a, herrikoa,
Mireia Arrillaga lekeitiarra izan zen. 01.12.20 denbora bikaina osatuta sartu zen helmugan Garraitz Kirol Taldeko triatleta.
Gizonezkoetan, Ryan Bailie australiarra hasieratik jarri zen buruan. Bata bestearen atzetik irten ziren uretatik, baina bizikletako atalean atera zion abantaila australiarrak David Castrori. Korrikako proba bikaina egin bazuen ere, ez zen izan nahikoa Bailie harrapatzeko; 24 segundoko aldea atera zion helmugan irabazleak. Hirugarren, 23 urtez azpikoen mailako Luke Burns gelditu zen.
Alarabiko Zorion Kareaga aringa-aringa. Argazkia: Alarabi Markina-Xemein
Nazioarteko kirolariak ez ezik, Lea-Artibaiko triatletak ere ez ziren falta izan Lekeitioko triatloian. Postu onak eskuratu zituzten, gainera. ANB taldean dagoen Ander Okamika lekeitiarrak 17. postua lortu zuen 01.02.58 denbora eginda, eta Amandarri Triatloi Taldeko
Haritz Garate 18. postuan ailegatu zen (01.03.07). Markina-Xemeingo Alarabi Triatloi Taldeko
Zorion Kareaga (01.04.54) lehenengoa izan zen beteranoen lehen kategorian, eta Ondarroako Koaxi taldeko
Arantza Burgoa (01.22.12) beteranoen bigarren kategorian nagusitu zen. Garraitz taldeko
Iñaki Mendieta (01.18.58), ostera, bigarrena izan zen beteranoen hirugarren kategoriako mailan.
Kadete eta junior mailetan berriz, aurrean ibili ziren Lekeitioko Garraitz Kirol Taldeko triatletak: Kadete mailan lehenengoa izan zen
Julen Zamora (01.05.25), laugarrenak
Paula Ugarteburu (01.39.22) eta
Antxon Goitia (01.09.26) eta 7.a
Aritz Iriondo (01.12.56). Junior mailan 3. postua lortu zuen
Aratz Aizpuruak (01.06.22).
Euskadiko Txapelketako talderik onenen podiuma. 3.ak Amandarrikoak izan dira. Argazkia: Amandarri
Euskadiko Txapelketa ere jokatu zen Lekeition, eta Mireia Arrillaga Euskadiko txapelduna izan zen. Arantza Burgoa ondarrutarra eta Zorion Kareaga markina-xemeindarra, berriz, beteranoen mailako Euskadiko Txapeldun gelditu ziren. Lekeitioko Amandarri triatloi taldeak Euskadiko 3. egitea lortu zuen. “Emaitza oso positiboa, gure moduko talde hasiberri batentzat”, nabarmendu dute. Amandarriko 18 triatletak parte hartu zuten proban.
SAILKAPENAK
EMAKUMEZKOETAN
Absolutoa
1.- Ashleigh Gentle, Australia. 01:04:31
2.- Charlotte Mc Shane, Australia. 01:05:15
3.- Emma Jeffcoat, Australia. 01:08:38
GIZONEZKOETAN
Absolutoa
1.- Ryan Bailie, Australia. 00:59:25
2.- David Castro Fajardo, EQTR – Rodacal Beyem. 00:59:49
3.- Luke Burns, Australia. 01:00:26 (23 azpiko maila)