Frontoi txikia bete dute Markina-Xemeingo Eskupilota Txapelketako finalek
[zuzenean ARGAZKI GALERIARA JOAN]
Txikienen partiduekin hasi ziren finalak jokoan. Txikien mailan Aner Arriola eta Estebe Urizarbarrena izan ziren irabazleak, umetxoen mailan Unax Albizu eta Markel Sololuze, umeen mailan Unax Ibarzabal eta Amets Alvarez gailendu ziren, gaztetxoetan Ekain Idigoras eta Jokin Alvarez izan ziren nagusi, gazteen finala Dani Ormaetxeak eta Antxon Azpiazuk irabazi zuten, eta Asier Zugadik eta Jon Gisasolak eraman zituzten nagusien mailako txapelak. Urtero bezala, finalen amaieran, txapelak eta garaikurrak banatu zizkieten irabazleei, eta dominak egon ziren beste guztientzat. Esku pilota taldeko otzara ere zotz egin zuten. Zenbaki saritua 0332 izan zen, agertuko ez balitz, ordezko zenbakia 0443 izango da. Herriartekoen finaletan. Herriko txapelketagaz gainera Bizkaiko Herriarteko Txapelketako finalaurrekoa ere jokatu du asteburuan, Markina-Xemeingo Esku Pelota Taldeak, eta finalerako txartela lortu du. 2-1 irabazi zuen Markina-Xemeinek Zeanurin, eta emaitza berdinagaz nagusitu ziren zapatu [ekainak 16] arratsaldean Markina-Xemeinen ere. Kadeteetan galdu eta gazte eta nagusietan irabazi zuten, eta beraz, jarraian jokatuko duten zazpigarren finala izango da aurtengoa.[zuzenean ARGAZKI GALERIARA JOAN]
Ondo jokatuz gero, txapelak janzteko aukerarik badaukatela uste du Pello Urionabarrenetxea taldeko entrenatzaileak. Hala ere, finala Amorobieta-Etxanon jokatuko dute bertako taldearen aurka, eta adi egon beharko direla azaldu du, “talde ona daukate eta”. Finaleko partiduak domekan [ekainak 24] 17:00etan erabakiko dira, eta irabaziz gero 6. garaipena izango litzateke Markina-Xemeingo taldearentzat. Iaz Usansoloren aurka galdu egin zuten, eta orain dela bi urte irabazi zituzten azken txapelak Munitibarren. Seigarren txapelak irabaztea lorpen handia izango litzatekeela adierazi du Urionabarrenetxeak.[zuzenean ARGAZKI GALERIARA JOAN]
Bestalde, Txikien Herriarteko Txapelketako finalera ere ailegatu da Markina-Xemeingo Esku pelota Taldea. Barikuan [ekainak 22] jokatuko dituzte finalak, 18:00etatik aurrera, Zaldibarren. Alebin mailan Ekain Idigorasek eta Markel Calvok jokatuko dute eta Txikien mailan Anartz Ibarlozak eta Igor Pascualek.