Frontoi barruko oholtza gainetik kalera irtengo du orain, Abarka antzerki taldeak. «Denbora espresean» prestatu eta zapatuan [ekainak 23] estreinatuko dute Markina-Xemeinen
Uelkom Amerikanuek lan berria.
19:00etan da hitzordua
Zelaian, ordu horretan ailegatuko dira ameriketatik Felix Urionabarrenetxea pelotari izandakoa eta bere familia: Cindy emazte amerikarra eta seme-alabak Michael eta Nicole.
Proposamen fresko eta entretenigarriagaz dator Abarka. Azken aldian antzezten aritu izan diren
Besaulkiak izeneko obrak ahalegin handia suposatu dio taldeari, batez ere azpiegitura aldetik. Markina-Xemeinen ez dago antzokirik, eta beraz, dena eraiki behar zuten osorik, horrek eragiten duen zailtasunagaz. Orain berriz, justu kontrakoa aukeratu dute, ekoizpen garestirik barik eta gastu gehiegirik barik kale antzerki bat egitea, Markina-Xemeingo eszenografia erabiliz.
Urionabarrenetxeatarren istorioa antzeztuko duten Abarka antzerki taldeko bost aktoreak: Lur Epelde, Amalia Martin, Luis Egurrola, Ainara Santamaria eta Eneko Arrate.
Bost laguneko taldea elkartu da proiektu berrirako:
Amalia Martin,
Eneko Arrate,
Luis Egurrola,
Lur Epelde eta
Argia Santamaria. Eta berriz ere, bidelagun dute
Ander Lipus zuzendari markina-xemeindarra.
Mikel Unamunzagak, berriz, soinuaren ardura edukiko du, eta amerikanuen morroia ere izango da.
Ibiltaria. Antzerki pieza hau Markina-Xemeinera begira egin dutela azaldu du Ander Lipusek. Izan ere, istorioak ere kutsu markina-xemeindarra dauka. «Ez dugu egin beste herrietara eramateko intentzioagaz. Besaulkiak lanagaz bazegoen asmo hori, eta hiruzpalau lekutan antzeztu dugu. Aulestin, Lesakan eta Deban egon ginen esate baterako. Lan hau berriz, hemen egin daiteke bakarrik; Markina-Xemeingo lekuak aprobetxatzen ditugu eta leku horietan gertatzen dira gauzak».
Zelaian hasiko da antzezpena 19:00etan eta herrian zehar mugituko da
Hala, kale antzerkia ibiltaria izango dela aurreratu du Lipusek. Publikoa, beraz, mugitu egin beharko da aktoreekin batera, antzezpena jarraitzeko. «Leku bakoitzeko esketxak laburrak dira, baina batetik bestera ibiliko gara». Gutxi gorabehera 50 bat minutuko obra eskainiko dute.
Denen ekarpen eta inprobisazioagaz osatu dute gidoia, eta istorioa
kitzikagarria izango dela aurreratu du zuzendariak, gai garratzak ere ikutuko ditu. «Komedia bat da eta komedia batek zer edo zer garratza eduki behar du. Amerikarrek munduaren erdigunea direla uste dute, eta antzezpenaren kartelak berak ere erakusten duen modura, Goiko Portaleko iturria kendu eta Askatasunaren Estatua jarri dugu, nahi barik ere daukaten kolonizatzaile nortasun horren erakusgarri».
Herrira bueltan. Felix Urionabarrenetxea eta haren familia
ohore guztiekin itzuliko dira Markina-Xemeinera. Uriona osoa famatua izan zen pelotari moduan ameriketan, arrakasta handia eduki zuen eta diru asko irabazi, eta urte askoren ondoren herrira itzuliko da bere ondorengoei Markina-Xemein zelako polita den erakustera, baina bere jaioterria asko aldatu da.
Urionabarrenetxeatarren istorioa ezagutu nahi duenak zapatuan izango du aukera soilik. Egun horretan eskainiko du Abarkak aurreikusita daukan
emanaldi bakarra.