Bi obra egin dituzte herrigunean, eta oinezkoentzat egokitu. Aulestia kalea
irisgarriago egin eta ibilgailuak astiroago pasatzeko helburuagaz egin dute herri lana, eta bide batez herritarren segurtasuna ere bermatzea lortu dute.
Bideak estutu eta estuguneak egin, eta espaloiek gutxieneko zabalera bat edukitzea lortu dute, gurpildun zein ume aulkiekin doazenak erosoago pasatzeko. Udaletxe parean autobus geralekua eta Behekalean zamalanetarako gunea ere zehaztu dituzte.
Gehienezko abiadura 30 kilometro ordutan ezarri dute. Hori adierazten duten seinaleak jarrita dituzte, eta errepidean ere markatuko dute.
Oinezkoentzat bi pasabide errepidearen maila berean jarri dituzte. Bestalde, Alegi Kalerako oinezkoentzako bidea egiteko ere aprobetxatu dituzte obrak, bizilagunen aspaldiko eskariari erantzunez.
Mikel Ansotegi Jaio Aulestiko alkatearen berbetan, helburua lortu dute: “Autoak lehen baino geldiroago dabiltza, eta alde horretatik pozik gaude. Irisgarritasun aldetik ere helburua bete dela uste dugu; gutxieneko irisgarritasuna bermatzen da orain. Kalearen zabaleragatik ere espaloiak ezin dira gehiago zabaldu”.
Kalearen
beheko partean zoladura dena konpondu dute. Lehen galtzada-harria zegoen, eta behea mugitu, arrakala batzuk agertu, eta hormigoizko espaloia apurtu egin zen. Ondorioz, behetik gora ura iragazi eta basa pilatzen zen, eta denboragaz hondatzen joan da.
Aurreikusitako baino obra handiagoa egin behar izan dutela azaldu du alkateak. Dena altxatu dute; hormigoiagaz eta hagaxka oso indartsu bategaz beheko lauza ondo ipini eta asfaltatu egin dute. Leku batzuetan asfalto hori inprimatu egin dute. Atzerapenik ezean, asteon material berezi bat emango diote asfaltoari, eta, horrela, lanak amaituko dituzte.
Aurrekontuak. Udalak 38.282,02 euroko inbertsioa egin du irisgarritasun lanetarako, eta hilerritik Sololuziarako tarteko lanetan, berriz, 91.462,96 euro inbertitu dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eduki du udalak bi obrak egiteko. Alde batetik, Aulestia Kalerako, Azpiegitura saileko 26.089,83 euroko diru laguntza jaso du, eta beste alde batetik, Beheko Kaleko lanotarako, ustekabeen sailetik jaso dituzte 82.316,66 euro.