Erre den Ortizeneko eraikina eraisteko agindua eman du udalak
Eraikina kolapsatzeko arriskua handia dela ohartarazi dute. Eraiste agindua atzo eguerdian sinatu zuten. Herenegun erretako eraikina bere osotasunean bota beharko duteHerenegun gauean Ortiz kontserba fabrika zaharreko eta goiko etxebizitzen eraikin zah...
Eraikina kolapsatzeko arriskua handia dela ohartarazi dute. Eraiste agindua atzo eguerdian sinatu zuten. Herenegun erretako eraikina bere osotasunean bota beharko dute
Herenegun gauean Ortiz kontserba fabrika zaharreko eta goiko etxebizitzen eraikin zaharrak su hartu eta gero, Ondarroako udal ordezkariek jakitera eman dute eraikina kolapsatzeko arrisku handia dagoela. «Eraikinaren barruko egitura guztia egurrezkoa da, eta sutearen ondorioz, oso egoera txarrean geratu da. Egitura horrek eraikinaren aurrealdea eusten du, eta hori da arrisku gehien sor dezakeena». Horren jakitun, eta «herritarren segurtasuna bermatzeko», Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak eraikina eraisteko agindua sinatu zuen atzo eguerdian.Agindu horren arabera, honakoak egin beharko ditu eraikinaren jabeak: segurtasuna bermatzeko 24 orduren barruan eraikinaren perimetro osoa hesitu beharko dute, 72 orduren barruan goiko solairuko harri morroiloak bota beharko dituzte arriskua txikitzeko, eta, azkenik, 30 egunen barruan eraispen proiektua aurkeztu beharko dute udalean. «Proiektua ekarri eta onespena eman ondoren, eraikina eraisten hasi beharko dira», gaineratu du alkateak.
Udal arkitektoak eraikinaren egoera ikuskatzen egon ziren atzo goizean, eta eraispen agindua eraikina bere osotasunean botatzekoa izango dela adierazi dute. «Atzeko aldera ez dago arazo handirik, baina aurreko aldea jausi beharrean dagoela dirudi. Suak dena solte utzi du».
Eraikina erortzeko arriskua handia dela kontuan hartuta, gainera, segurtasunagatik, erretako eraikinaren aurrealdea itxita dago, eta hala, Artibai eta Ikastola kaleetara sarbidea Zubi Barritik egingo da datozen eguno- tan, gaur egun egiten den kontrako norantzan.
Ibilgailu txikiak
Udaltzaingoak ohartazi duenez, momentuz gune horretara ibilgailu txikiak sartu ahal izango dira. «San Ignaziotik Ikastola parera sartzeko bihurgunea ez dago berez pentsatuta norabide horretan sartzeko. Bertan dagoen lorontzia kentzen ez den bitartean, eta guk ez dugu horretarako azpiegiturarik, bertara sartzea nahikoa trabes gertatu dai- teke».
Era berean, gune horretan ahalik-eta ibilgailu gutxien sartzea ere gomendatu dute. Gaineratu dutenez, kalea zabaldu edo ez zabaldu udal teknikariek erabaki beharko dute. «Segurtasun modura kalearen zati bat itxita egon liteke. Horren berri ematen joango gara. Herritarrei pazientzia izatea eskatu nahi diegu».
Ertzaintzak jakitera eman duenez, bestalde, auzotar batek eman zien sutearen berri. Zehatz esanda, herenegun 21:20ak aldera abisatu zieten San Ignazio kaleko 25 eta 27an dagoen Ortiz kontserba enpresa zaharraren gaineko etxeko teilatutik kea ateratzen zela.
32 etxebizitza
Suhiltzaileak bertaratu ziren, eta sua itzaltzen hasi ziren. Hasiera batean, suteak ez zirudiela nahikoa larria esan zuen Ertzaintzak. Baina eraikina egurrezkoa denez, minutu gutxitan egoera aldatu egin zen.
Suteari dagokionez, 32 etxebizitza zeuden eraikinaren hirugarren solairuan hasi zen sua, eta herritarrek azaldu dutenez, sutea hasi baino minutu batzuk arinago pertsona bat ikusi zuten eraikinetik irteten. Bestalde, udal iturriek azaldu dutenez, oraindik ezin da jakin zeintzuk izan diren sutearen arrazoiak. «Kalte materialei dagokienez, etxebizitzak erabat kiskalita geratu dira, baina inguruko etxebizitzei dagokionez, ezin da oraindik jakin zeintzuk diren beroak edo keak eragindako kalteak». Etxebizitzen azpian, bestalde, arrain kontserba fabrika ere badago. Azaldu dutenez, orain gutxi amaitu dute antxoa kanpainagaz, eta ikusi egin beharko da bertan biltegiratuta zeuden materialetan zer kalte egon den.
Sua piztu bezain laster jarri zituzten martxan protokolo guztiak, eta Markina-Xemeingo suhiltzaile etxeko suhiltzaileez gain, Gernika-Lumotik ere hainbat etorri ziren. Ondarroako Udalak sutea itzaltzen eta dena koordinatzen aritu ziren langileek eta boluntarioek edukitako jarrera eskertu nahi izan du.