GI-638 bideko obrak hizpide, Batzar Nagusietan
Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk salatu dutenez, EAJren eta PSEren arteko «gobernantza berriak» ez ditu orain arte GI-638ko lanetan kaltetuko diren Mutrikuko Laranga auzoko bizilagunak entzun. Auzotarrek egindako eskaera...
Hori dela eta, bi alderdiek agerraldia egin zuten atzo Batzar Nagusietan; Larangako auzotarren eskaria onartzeko eta auzotarrek batzordean parte hartzeko aukera izan dezaten eskatu zuten.
Mutriku eta Deba arteko GI-638 errepidea hobetzeko lanak dirauten bitartean bidea itxita egongo da, eta Galbaixo ermita ondotik sartu beharko dute auzora. Horrek, hain zuzen ere, Larangako bizilagun eta bertako erabiltzaileak egoera prekarioan dauden errepideetatik hamarnaka kilometroko itzulia egitera behartuko ditu.
Horren aurrean, Podemos-Ahal Duguk eta EH Bilduk kaltetutako bizilagunen agerraldia eskatu dute Azpiegituren Batzordean, euren egoera eta eskaerak azaltzeko. «Aldundiak guztion diruarekin hainbeste goratzen dituen gobernantza berria eta herritarren partaidetza badirudi herritarrei ez entzutean eta ez erantzutean datzala. Horixe ari da egiten Laranga auzoko 150 pertsonekin. Izan ere, aldundiak GI-638 errepidera sarrera-irteerarik gabe utziko ditu bide hori hobetzeko lanek behar dituzten lauzpabost hilabeteetan».
Juantxo Iturriak eta Xabier Olanok, Podemos-Ahal Dugu eta EH Bilduko batzar taldeetako ordezkariek, hurrenez hurren, «aldundiaren proiektuek kaltetutako jendarte gipuzkoarrak aurkezten dizkien ezinegonen aurrean EAJk eta PSEk erakutsitako arreta eza» salatu dute.
Auzotarrek ere garbi utzi nahi izan dute ez daudela beharrezkotzat jotzen duten lan horien aurka, baina salatu dute obren exekuzio aukerei buruzko iritzia emateagatik, «aurrerapenaren aurka» egotea egotzi dietela. «Ez inguruko bizilagunok, ez eskola umeek, ez bi jatetxeek, ez bertako hotelak eta ezta bertako landa turismoak ez dute merezi aldundiarengandik eta Mutrikuko Udalarengandik jasotzen ari diren mespretxua».