Ohitura berreskuratuz, belaunaldi ezberdinetako emakumeek, gaur egungo dantzari eta dantzari ohiek, Lekeitioko
Andren Aurreskua edo
Eguzki dantza dantzatuko dute aurten, San Juan egunean. Gaur egun, aurreskua San Pedro egunez dantzatzen badute ere,
Etorkizuna Dantza Taldeko kideek San Juan eguneko ohitura berreskuratu nahi izan dute, eta ekitaldi berezia prestatu dute ekainaren 24rako.
1953tik gaur arte dantzatu duten belaunaldi ezberdinetako 60 emakumetik gora elkartu dira, “denon artean Andren Aurresku honi merezi duen lekua emateko asmoz”. Hiru dantzaldi eskainiko dituzte:
06:30ean Talan, eta
13:00etan eta 20:00etan Plazan. Eguerdiko dantzaldian, gainera, batu diren emakume guztiek batera dantzatuko dutela zehaztu dute.
Emakumeen Aurreskua San Pedro jaietan Lekeitioko plazan.
Etorkizuna Dantza Taldekoek jakitera eman dutenez, aurten
43 urte betetzen dira 36ko gerra ostean, lehehengo aldiz, herriko emakumeek aurresku hau dantzatu zutenetik plazan. “Urtebete lehenago
Zerutxu Dantza Taldeak berreskuratu zuen, berau dantzatu izan zuten emakume lekeitiar eta hauen familien laguntzarekin. Urte hartatik gaur egunera arte ehundaka emakume baino gehiago arduratu dira inoiz Andren Aurresku hau falta ez izateaz. Eta batek daki aurretik zenbat emakumek egin duten lan, tradizio hau gal ez dadin, izan ere, 1682koak baitira lehengo aipamenak udal agirietan”.
Apartekoa. Soka dantza berezi hau inguru hauetan osotasunean mantentzen den bakarra dela esplikatu dute. “Musika originala eta gerra aurreko emakumeengandik jasotako pausuak ditu, emakumeek bakarrik dantzatzen dute, bere jatorrian hiru aldiz dantzatzen zen eta jantziak ere bereak ditu”.
Lehengo dantzaldia goizaldeko meza ondoren egiten zen, eguzkia irtetzean, perkalezko gona arrunta eta sorbaldetan zetazko xal txikiak jantzirik
San Juan egunean, udako solstizioan, dantzatzen zen eguzkiaren omenez, eta horregatik ezagutzen dela azaldu dute, bai eta
Eguzki dantza-jaia bezela ere. “Lehengo dantzaldia goizaldeko meza ondoren egiten zen, eguzkia irtetzean, perkalezko gona arrunta eta sorbaldetan zetazko xal txikiak jantzirik. Bigarrena eguerdiko meza nagusiaren ondoren , eguzkiak bere punturik altuena lortzen duenean. Oraingoan aldiz,
jantziak aldatzen dira, gona beltz luzea, gonazpiko zuri brodatua, baska zuria, zapata beltzak
malporteskuak eta krespoisko mantoi dotoreak janzten dira. Azken dantzaldia errosario ostean, eguzkia sartzean dantzatzen zen eta honetan, eguerdiko jantzi berdinekin baina mantoiak kaxemirrezko handiengatik aldatuz”.
Domekan, beraz, bizirik mantendu duten ohitura ikusgarriaz gozatzeko aukera eskainiko dute Lekeitioko emakumeek, jatorrira bueltan.