Bonbardaketaren lekuko izandakoa zendu da
Gernika-Lumon jaio zen Julio Onaindia Landeta, eta 1937. urteko apirilaren 26an udalerriak jasandako bonbardaketaren lekukoa izan zen. Gaztea zela bizi izan zuen ezbeharra, eta atzo hil zen, 94 urtegaz.Euskal Herriko askatasunaren defendatzaile nekaezi...
Euskal Herriko askatasunaren defendatzaile nekaezin bezala ezagutu izan dute Onaindia. Besteak beste, pilotaria izan zen. 11 neba-arrebetatik zortzigarrena zen, eta horietako hainbat anaia kirolariak izan ziren. Bere anaia Seberino borroka libreko borrokalaria izan zen, Dioni bere sasoiko pilotari onenetarikoa, eta Julio bera ere, garaiko pilotari onenekin lehiatu zen lesioengatik pilota utzi zuen arte.
Soldadutzatik bueltatuta hasi zen pilotan jokatzen, eta 14 urte zituela, 36ko gerraren sasoian, pilotan herririk herri aritzeko aukera izan zuen. Profesional modura aritu zen, eta Durangoko frontoia berak eta Gallastegik estreinatu zuten.
1937ko apirilaren 26an, bonbardaketa egunean, Nabarnizen babestu ziren Onaindia eta bere familiakoak. Nabarnizera bidean, baina, bere anaia nagusia preso hartu zuten. Erasoaren ostean, herriko hainbat familia hartu zituzten beraienean, etxea zutik mantendu zen eta. Etxea galdu zuten askok aurkitu zuten aterpea Onaindiatarren etxean.
1951. urtean, Geltoki plazan autoentzako ordezko piezak eta bestelakoak zituen denda hartu zuen, eta negozioak zirela eta, herriko lehenengotariko telefonoak eta ibilgailuak beraien dendan aurki zitezkeen. Horrez gain, Gernika-Lumoko hainbat ezizenen bilduma egin zuen Onaindiak.