Udaburuagaz, auzoetan jai
Zenbait herritako jai nagusiak dira sanjoanak, baina auzoetan ere bada zer eta zelan ospatu. Udako egunik luzeenak aprobetxatzeko egitarauak antolatu dituzte Lea-Artibai eta Busturialdean.Udaburuagaz batera ailegatzen dira sanjoanak hara eta hona. San ...
Zenbait herritako jai nagusiak dira sanjoanak, baina auzoetan ere bada zer eta zelan ospatu. Udako egunik luzeenak aprobetxatzeko egitarauak antolatu dituzte Lea-Artibai eta Busturialdean.
Udaburuagaz batera ailegatzen dira sanjoanak hara eta hona. San Joan suek hartu ohi dute ospe handiena; horiek eskaintzen duten usain, kolore eta berotasunak elkartzen ditu herritarrak auzo, herri zein hirietan.Sutzarren aitzakiapean, hala ere, ospakizunetarako tartea hartzen dute toki askotan: Errigoitiko Zallobanten, Gernika-Lumoko San Juan Ibarran, Ere- ñoko Gabikan, Mendatako Lamikizen, Ajangizko Kanpantxun, Muxikako Ajurian, Markina-Xemeingo Amallon eta Ondarroako Gorozikan, esaterako.
San Joan eguna ekainaren 24an ospatzen bada ere, aurreko eta osteko egunetan ere jai giroan murgiltzen dira herritarrak, erritu eta usadioei lotuta. Urteko gau laburrena da San Joan egunekoa, baina goizaldera arte luzatzen dute askok eta askok.
Sanjoanek izaten dute magia berezia, eta nork bere eran barneratzen du. Bermeotar askok, esaterako, Gaztelugatxen aurkitzen dute sanjoanetako xarma; izan ere, horietako askorentzat ez da San Joan egunik Gaztelugatxera joan barik. Herriko Sollube 707 mendizale taldeak esakintzen du, esaterako, elkarregaz bertaratzeko aukera; betiere, oinez. Goizeko ordu txikietan ateratzen dira herritik, goizaldetik hasita egoten baitira mezak Gaztelugatxeko baselizan.
Errigoitiko Zallobanten, adibidez, bihar egingo dituzte ekintza gehienak: eguerdian, asto eta zaldi probak lehiatuko dituzte, eta herri bazkaritan elkartuko dira ondoren. Musikagaz gozatuko dute iluntzean, eta txokolate jana izango da aukeran gero. San Joan suak piztuta, domekako meza eta pintxopoteari pasatuko diete lekukoa.
Gernika-Lumoko San Juan Ibarra auzoa, bestalde, indartsu dator sanjoanak ospatzeko. Atzo hasi zituzten bertako jaiak musika emanaldiekin, eta gaur, bihar eta etzirako ere jarduera ugari antolatu dituzte. Gaur iluntzeko txupinaren ostean, jateko eta edatekoa, kale antzerkia, musika emanaldiak, umeen jolasak, dantzak, Euskaraldiaren aurkezpena, kirola eta beste hainbat ekarriko dituzte jaiek herriko auzo horretara.
Gaur gauean, esaterako, doinu bereziek girotuko dute auzoa, Segundo Olaeta Musika Eskola Publikoak (SOME) antolatutako Rock N’ Band kontzertuari esker. Artur Sustatxaren zuzendaritzapean, hamar abesti kantatu, jo eta dantzatuko dituzte SOMEko Banda Sinfonikoak eta Konbo eta Ahots Teknika ikastaroko ikasleek eta Ross Dantza Eskolako ikasleek.
Rock N’ Band proiektua duela zortzi urte jarri zuten martxan, San Juan Ibarrako jaiak musikaz zipriztintzeko eta SOMEko ikasturte bukaerako kontzertu «ezberdin eta ikusgarri» bat eskaintzeko. Azken urteotan, «sutan eta jendez gainezka» jarri du plaza aipatu kontzertuak, eta, aurten ere, arrakasta hori izateko asmoz taularatuko dira.
Ereñoko Gabika auzoan ere bihar eta domekan ospatuko dituzte sanjoanak. Bigarren urtez egingo dute paella txapelketa, eta horrez gain, briska txapelketa ere lehiatuko dute bihar. San Joan suen ostean, makailaoa jateko elkartuko dira herritarrak trikitilariekin girotuta egongo den gauean. Beste hainbat herritan legez, meza izango da aukeran San Joan egunean. Baina bada aurten berritasunik; izan ere, Gabikako plaza inauguratzeko baliatuko dute San Joan eguna. Horren ostean aterako dira dantza egitera Kabelinatxe taldekoak, eta iluntzerako utziko dute Txantxiku txapelketa.
Mendatako Lamikiz auzoak, bestalde, «ilusio handiz» hartuko ditu sanjoanak, eta «giro ona» izango dela ziurtatu dute. Tradizioan oinarritutako jarduerek ez dutela hutsik egingo azaldu dute; hala, ohi bezala, Elexalden eta Albizen ez dela mezarik egongo gogoratu dute. Izan ere, Lamikiz auzoko San Juan baselizan emango dute meza domekan, herriko koruak abestuta. Musikagaz girotuko dute ingurua, eta gastronomiarik ere ez da faltako. Halaber, bertsolarien eta Ariatzako Otxotearen konpainiaz gozatuko dute.
Ajangizen Kanpantxu auzoan ospatuko dituzte aipatu jaiak; gaur, bihar eta domekan. Eskupilota partidek eta makailao janak emango diete hasiera festei, eta domekara bitarte, umeen jolasez, briska txapelketaz, sardina janaz, dantzez, herri bazkariaz eta erromeriaz gozatu ahalko da.
Muxikako Ajuria auzoan ere, egitarau berdintsua izango dute bihar eta domekan: gaurko txupinak ekarriko ditu bertsolariak, herri bazkaria, umeentzako jolasak, mus eta briska txapelketak, makailao jana, meza, pilota partidak eta dantzak auzora.
Umeentzako musika
San Joan loreak bedeinkatuz hasiko dira jaiak ospatzen Ondarroako Gorozikan. Aurten, herri kirolak arratsaldean barik, goizean egingo dituzte, eta ohiko haurrentzako jolasak izango dira aukeran arratsaldean: puzgarriak apurtzea, arrautzak eramatea… Orain arte, pailazoen saioa eskaini ohi izan dute; aurten, baina, aldatzea erabaki, eta umeentzako musika jarriko duen DJ bat ailegatuko da Gorozikara. Txikitxoenek, gainera, txokolate jangaz eta Unai Ibiriren abereekin gozatu ahalko dute. Jai batzordekoek azaldu dutenez, auzo zein inguruko jendea bertaratzen da Gorozikara: «Ea zortea daukagun, eta jendea etortzen den aurten ere».
Markina-Xemeingo Amallo auzoak adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatu du, beste urte batez, sanjoanetarako. Aurten, gainera, berritasunik ere ekarriko du. Domeka iluntzerako, Ez da kasualitatea bertso-saio musikatua antolatu dute. Hiru bertsolarirekin batera bi musikari ariko dira, eta umorea, jolasa, gogoeta, emakumeen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa da. Amallon, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza eta Nerea Elustondo ariko dira kantuan. Egun berean, gainera, herri bazkarian elkartuko dira. Aurrekoetan, 100 bat lagun bildu ohi ditu. Zapatuan, bestalde, arrakasta handia izaten duten zaldi-idi probak lehiatuko dituzte 20 minutuko saioetan. Jai batzordeak festetan parte hartzera deitu ditu herritarrak, «ondo pasatzeko aukera» izango dutela ziurtatuta.