Unai Solozabal eta bere kuadrillako paella izan da Aulestiko San Joan jaietako onena
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Txapelketan parte hartu zuten kuadrillak eguerdia orduko hasi ziren paellak prestatzen. Nonahi prestatu ere; garajeetan, txokoetan, elkarteetan, elizako arkupean, eliza atzean… Ohitura den modura, 14:30eko kanpaikadak jo orduko plazako txosnan aurkeztu behar izan zituzten paella parte hartzaileek. 14:15ean ailegatu zen lehena, eta aurten, ez zen bat bera ere aurkeztu denboraz kanpo. Kuadrillak paella prestatzen ari ziren bitartean, gainera, 30. Ipuin Topaketaren sari banaketa egin zuten plazako eszenatokian. Aurten LH1etik 6ra bitarteko 31 idazle gaztek parte hartu dute topaketan, eta denek jaso zuten saria pozik. Motxila eta diploma bana jaso zituzten antolatzaileen eskutik.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Paella lehiaketa sariak banatu ondoren, berriz, bazkaritan elkartu ziren kuadrillak, giro onean. 300 lagun inguru batu ziren, eta denak udaletxe arkupean kabitzen ez zirenez, beste batzuek eliza hegaleko itzaletan bazkaldu zuten. Aurten, gainera, jai batzordeak birziklapena bultzatu du, eta berrerabiltzeko plater eta mahi tresnak erabili zituzten bazkaritan batutakoek.