Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala
2-1 galdu dute Mutrikuko Danok Bateko puntistek. Zumaiak lortu du aurtengo txapela. Zumaiarrak kadete eta gazte mailetan nagusitu ziren, eta mutrikuarrek, berriz, nagusi mailako puntua irabazi zuten.
Kadete mailan 30-22 irabazi zuten zumaiarrek. Alain Basterretxea Danok Bateko atzelaria oso urduri ipini zen finalean, eta hori dela eta, akats asko egin zituen. Horretaz jabetuta, zumaiarrek partida irabaztea lortu zuten.
Gipuzkoako herriarteko txapelketa. Argazkia: Danok Bat
Kadete mailan galdu ondoren, mutrikuarrek txapelketa irabazi nahi baldin bazuten hurrengo kategoria bietan irabazi beharra zuten, eta presio horrekin jokatu zuten hurrengo norgehiagoka. Gazte mailan, aldiz, oso lehia estua egon zen. 35-32 irabazi zuten zumaiarrek. Mutrikuarrak irabazten joan ziren ia partidu osoan, 28ra arte aurretik ere joan ziren, baina azken tantoetan zumaiarrek hobeto jokatu, eta partidua eureganatzea lortu zuten.
Gazte mailako puntua ere galduta, mutrikuarrek aurtengo txapela irabazteko aukera guztiak galdu zituzten. Ondoren, nagusi mailako partidua jokatu zen. Zumaiko aurrelariak min hartu, eta partida bertan behera geratu zen. Ezer ez zegoenez jokoan, puntua mutrikuarren alde geratu zen.