Azken urteetan euskararen erabilerak gorantz egin du Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo euskararen erabilera ezagutzeko 2017an egindako neurketaren datuak ezagutzera eman ditu Euskara Batzordeak. Ezagutza eta erabilera nahikoa pareko daudeMarkina-Xemeingo euskararen erabilera ezagutzeko 2017an egindako kale neurketaren da...
Markina-Xemeingo euskararen erabilera ezagutzeko 2017an egindako neurketaren datuak ezagutzera eman ditu Euskara Batzordeak. Ezagutza eta erabilera nahikoa pareko daude
Markina-Xemeingo euskararen erabilera ezagutzeko 2017an egindako kale neurketaren datuak aurkeztu ditu Markina-Xemeingo Euskara Batzordeak. Datuak onak direla azaldu zuten Uhagon kulturgunean egindako aurkezpenean Iratxe Ibarra Uemako teknikariak, Urtzi Uriarte Euskara teknikariak eta Iratxe Lasa zinegotziak. Dagoen ezagutze eta erabilera oso pareko daudela azaldu zuten. Bertsoz lagunduta egin zuten aurkezpena, eta Pako Aristi idazleak testuinguruan jarri zuen gaia.Jakinarazi zutenez, 2006tik kale neurketarik egin barik egon da Markina-Xemeinen 2017ra arte. Uemak berriro neurketa egiteko aukera eskaini eta aprobetxatu zutela azaldu zuten.
Oro har, Markina-Xemeingo egoera Lea-Artibai eskualdeak daukan antzekoa dela ikusi dute. Ezagutzari buruzko datuak Eustatetik jasotakoak zirela argitu zuen Uriartek, eta erabilera jakiteko neurketa estandarra egin dute, adin tartea eta sexua ere kontuan hartuta.
Ezagutza beherantz
Beste herrietan gertatu den modura, 2001etik 2016ra ezagutzak beherantza egin zuela zehaztu zuten. «Demografia izan da alde batetik horren eragilea. Izan ere, tarte horretan kanpotar asko etorri ziren Markina-Xemeinera bizitzera».
2011 eta 2016 tartean, ostera, mantendu edo zertxobait igo egin da. 2016an ezagutza maila %80,79 zen eskualdean, eta Markina-Xemeinen %79. «Hala ere, lehen hizkuntza eta etxeko hizkuntzan Markina-Xemeingo datuak eskualdekoak baino altuagoak dira». 2016 urtean euskaldunak %79 dira, erdaldunak %13 eta ia euskaldunak %8.
Kale erabilerari dagokionez, Markina-Xemeingo erabilera ez dela ezagutza baino altuagoa azaldu zuten, baina oso antzekoa denez multzo horretan sartu zuten neurketa egiterako orduan. Euskaraz egiteko gaitasuna %78,8koa da, eta erabilera %78,1ekoa. «Ikusten da tope bat jo duela, erabilera oso goian dagoela, eta hobetzeko modua ezagutza bera zabaltzea izango litzateke, erabilera utzi barik. Hori izango litzateke erronka».
2006ko datuen arabera euskararen erabilera %65ekoa zen gutxi gorabehera, gaztelaniarena %29 eta beste hizkuntzena %6. «%65etik %78ra alde handia dago, azken urteetan gora egin du erabilerak nabarmen».
Adin tartearen arabera haurrak dira gehien erabiltzen dutenak, gazteak hurrengo eta helduen eta adinekoen kasuan, adinak gora egin ahala erabilera behera doa. 2017ko datuetan ikusi dutenez, Markina-Xemeinen umeek euskara asko egiten dute, baina gazteek oraindik ere gehiago.
Kontuan hartu beharreko datua dela esan zuten, hala ere, ume eta gazteak batuta baino biztanle gehiago direla 24-64 urte bitartekoak eta hortik gorakoak. «Beraz, ume eta gazteak euskaraz egiteak lasaitu beharrean gutxiengoa direla gogoan eduki behar da, helduen ezagutzak eta erabilpenak duen garrantziaz jabetzeko».
Sexuaren arabera emakumeen %79,8k egiten du euskaraz eta %75,9 gizonezkok.
Aurrerapausoak emateko, batez ere helduen ezagutzan eragin behar dela ondorioztatu zuten, eta egoerari zukua atera eta hizkuntza politika eta praktika aurrerakoiak martxan jartzeko aukera aprobetxatu.