Markina-Xemeingo euskararen erabilera ezagutzeko 2017an egindako kale neurketaren datuak aurkeztu ditu Markina-Xemeingo Euskara Batzordeak. Datuak onak direla azaldu zuten Uhagon kulturgunean egindako aurkezpenean Iratxe Ibarra Uemako teknikariak, Urtzi Uriarte Euskara teknikariak eta Iratxe Lasa zinegotziak. Dagoen ezagutze eta erabilera oso pareko daudela azaldu zuten. Bertsoz lagunduta egon zen aurkezpena, eta Pako Aristi idazleak testuinguruan jarri zuen gaia.
Uhagonen egin zen euskararen erabileraren datuen aurkezpena.
Jakinarazi zutenez, 2006tik kale neurketarik egin barik egon da Markina-Xemeinen 2017ra arte. Uemak berriro neurketa egiteko aukera eskaini eta aprobetxatu zutela azaldu zuten.
Oro har Markina-Xemeingo egoera Lea-Artibai eskualdeak daukan antzekoa dela ikusi dute. Ezagutzari buruzko datuak Eustatetik jasotakoak zirela argitu zuen Uriartek eta erabilera jakiteko neurketa estandarra egin dute, adin tartea eta sexua ere kontuan hartu dituztelarik.
Ezagutza beherantz. Beste herrietan gertatu den modura, 2001etik 2016ra ezagutzak beherantza egin zuela zehaztu zuten, batez ere 2001etik 2011ra bitartean. «Demografia izan da alde batetik, horren eragilea. Izan ere, tarte horretan kanpotar asko etorri ziren Markina-Xemeinera bizitzera».
2006an euskararen ezagutza maila %82,2 koa zen eta erabilera %65 inguru. 2017an ezagutza maila %79koa da eta erabilera %78
2011 eta 2016 tartean, ostera, mantendu edo zertxobait igo egin da. 2016an ezagutza maila %80,79 zen eskualdean eta Markina-Xemeinen
%79. «Hala ere, lehen hizkuntza eta etxeko hizkuntzan Markina-Xemeingo datuak eskualdekoak baino altuagoak dira». 2016 urtean euskaldunak %79 dira, erdaldunak %13 eta ia euskaldunak %8.
Kale erabilerari dagokionez, Markina-Xemeingo erabilera ez dela ezagutza baino altuagoa azaldu zuten, baina oso antzekoa denez multzo horretan sartu zuten neurketa egiterako orduan. Euskaraz egiteko
gaitasuna %78,8koa da eta
erabilera %78,1ekoa. «Ikusten da tope bat jo duela, erabilera oso goian dagoela, eta hobetzeko modua ezagutza bera zabaltzea izango litzateke, erabilera utzi barik. Hori izango litzateke erronka».
2006ko datuen arabera euskararen erabilera
%65ekoa zen gutxi gorabehera, gaztelaniarena %29 eta beste hizkuntzena %6. «%65etik %78ra alde handia dago, azken urteetan gora egin du erabilerak nabarmen».
Gazteek batez ere. Adin tartearen arabera umeak eta gazteak dira gehien erabiltzen dutenak, eta helduen eta adinekoen kasuan adinak gora egin ahala erabilera behera doa. 2017ko datuetan ikusi dutenez Markina-Xemeinen umeek euskara asko egiten dute, baina gazteek oraindik ere gehiago.
Sexuaren arabera emakumeen %79,8k egiten du euskaraz eta %75,9 gizonezkok
Kontuan hartu beharreko datua dela esan zuten hala ere, ume eta gazteak batuta baino
biztanle gehiago direla 24-64 urte bitartekoak eta hortik gorakoak. «Beraz, ume eta gazteak euskaraz egiteak lasaitu beharrean gutxiengoa direla gogoan eduki behar da, helduen ezagutzak eta erabilpenak duen garrantziaz jabetzeko».
Sexuaren arabera emakumeen %79,8k egiten du euskaraz eta %75,9 gizonezkok, gaztelaniaz egiten duten emakumeak %15,5 dira eta gizoneskoak %19,2, beste hizkuntzetan egiten dutenak aldiz, %4,7 dira emakumeak eta %4,8 gizonak.
Aurrerapausoak emateko, batez ere
helduen ezagutzan eragin behar dela ondorioztatu dute, eta egoerari zukua atera eta hizkuntza politika eta praktika aurrerakoiak martxan jartzeko aukera aprobetxatu behar dela azpimarratu zuten amaitzeko.