Munitibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean genero ikuspegia sartzeko ibilaldi parte hartzailea egingo dute
Udalak hirigintza inklusiboa lortzeko bidean bihar ibilaldi parte hartzailea egitea erabaki du. 17:00etan jarri dute ordua, udaletxean.
Mirari Elosegi Ortiz de Zarate ari da genero ikuspegiaren txostena lantzen, eta berak gidatuko du biharko ibilbidea. Elosegi Ecos ingurumen aholkularitza eta ikerketa enpresako kidea da, eta HIRITEK arkitektua eta hirigintza estudioarentzat lan egiten du.
Arkaitz Goikoetxea Etxebarria Munitibarko alkateak azaldu duenez, Munitibarko eta Gerrikaitzeko herriguneetatik ibiliko dira. Plana eta orokorrean hirigintza ahalik eta ikuspegi zabalenagaz idaztea dute helburu. “Halako txostenak teknikoek euren ikuspuntutik idazten dituzte, eta horrela sarritan ahaztuta egoten diren kolektiboekin lantzeko aukera daukagu. Askotan, teknikariak andrazkoak izanda ere, eurak kontuan hartu gabeko irizpideen arabera egiten dira-eta”.
Hirietan eta herrietan puntu beltzak edota arrisku guneak identifikatzen dira normalean, baina, kasu honetan hirigintza inklusiboa lortu gura dutenez, haratago joan nahi dute. “Era guztietako kolektiboek erabili ahal izateko” espazio publikoak zelan diseinatu behar diren edota zer behar den aztertuko dute. Hala, herritarrei ibilaldian parte hartzeko, iritzia emateko eta ekarpenak egiteko gonbidapena luzatu diete udal ordezkariek.
Alkatearen berbetan, HAPOaren izapidean, iaz eroan zuten aldundira azken berrespena egiteko txostena, eta aldundian esan zieten genero ikuspegiaren eragina aztertu egin behar zutela: ” HAPOa idazten hasteko momentuan ez zen izan derrigorrezkoa, baina, ordutik legedia garatzen joan da, eta orain derrigorrezkoa da”. Zehaztu duenez, gaur egungo legediak gutxieneko parte hartze bat egon behar dela dio, eta hori Lurzoruaren legean araututa dago. “Hala ere, pentsatzen dut Lurzoru legetik haratago doala, gehiengoaren iritzia kontuan hartzeko, eta euren artean emakumezkoena”.