Arrizabalagak eta Etxanizek I. Bizkaia Torneoa lehiatuko dute
Emakumezkoen sariketa urriaren 27tik azaroaren 17ra jokatuko da. Gizonezkoen VII. Bizkaia Torneoa udan lehiatuko da, eta Bilboko Aste Nagusian izango da finalaEmakumezkoen Bizkaia Torneoa antolatu du lehenengoz Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Olatz Arriza...
Emakumezkoen sariketa urriaren 27tik azaroaren 17ra jokatuko da. Gizonezkoen VII. Bizkaia Torneoa udan lehiatuko da, eta Bilboko Aste Nagusian izango da finala
Emakumezkoen Bizkaia Torneoa antolatu du lehenengoz Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Olatz Arrizabalaga Munduate gernikarrak eta Leire Etxaniz Bengoa etxebarritarrak parte hartuko dute bertan. Urritik aurrera jokatuko dute.Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuaren berbetan, aldundiaren erronketako bat kirolean emakumearen presentzia bultzatzea da: «Torneo honegaz emakumearen pilota jokoa ikustarazteagaz batera, emakume gazteen artean pilotarako afizioa piztu nahi dugu, gero eta emakume pilotari gehiago egon daitezen».
Bizkaia Torneoa pilotariak sortzeko asmoz jaio zela gaineratu du. «Pilotarien erreferentzialtasuna indartzea eta aitortzea eta pilota zaletasuna sortzea ere badira helburuak. Eta Bizkaiko Foru Aldundiaren iritziz, hori guztiori egiteko ezinbestekoa da gizonezkoak eta emakumezkoak izatea. Gizonezkoek eta emakumezkoek egiten baitugu gizarte hau. Gizarte hau guztion artean osatzen dugulako, eta gizarteko alor guztietan ezinbestekoa dugulako aukera berdintasuna bermatzea bertan bizi garen guztion artean, genero bereizketa barik».
Andrazkoen egutegia
Nesketan, eskupilotako eta palako txapelketak ligaxka sisteman jokatuko dituzte, eta modalitate bakoitzean sei bikote egongo dira, bi multzotan banatuta. Partidu guztiak Bilboko Bizkaia frontoian izango dira.
Eskukoa urriaren 27an hasiko dute, eta azaroaren 17an izango da finala. Palakoa, berriz, abenduaren 8tik 29ra bitartean lehiatuko dute.
Beste alde batetik, Gizonezkoen VII. Torneoa jokatuko dute udan, eta Bizkaia frontoian izango da finala Bilboko Aste Nagusian. Bikotekako, buruz buruko eta lau t’erdiko partiduez gozatzeko aukera edukiko dute pilotazaleek. Andoni Aretxabaleta markina-xemeindarra ariko da sariketa lehiatzen, eta beragaz batera, Altuna III, Elezkano II, Rezusta, Urrutikoetxea, Bengoetxea VI, Irribarria, Olaizola II, Ezkurdia eta Zabaleta aterako dira kantxara.
Taldeka
Bizkaia Torneoa da taldeka lehiatzen den bakarra; Bizkaiko mendien izena daukaten taldeak izango dira: Oiz, Sollube, Gorbeia, Kolitza, Anboto eta Ganekogorta.
Binakakoa 24 pilotarik jokatuko dute: Altuna-Martija, Elezkano-Zabaleta, Irribarria-Rezusta, Olaizola-Aretxabaleta, Urrutikoetxea-Albisu, Bengoetxea-Larunbe. Lau t’ erdikoan sei pilotari ariko dira: Ezkurdia, Mendizabal, Retegi II, Victor, Laso, Arte- aga II, eta banakakoan, azkenik, beste sei: Ugalde, Dario, Etxeberria, Erasun, Urretabizkaia eta Bakaikoa.
Bi final-laurdeneko kanporaketak lehiatuko dituzte. Arrigorriagan hasiko dute torneoa, uztailaren 20an (22:00), eta Oiz eta Ganekogorta taldeak ariko dira zein baino zein gehiago. Uztailaren 22an (18:00) Barakaldon dute hitzordua Gorbeia eta Kolitza taldeek.
Etxebarrian
Etxebarriak hartuko du lehen finalerdia, uztailaren 22an (18:00), eta beste finalaurrekoa Zeanurin izango da, uztailaren 29an (17:00). Abuztuaren 21ean jokatuko dute finala Bilboko Bizkaia frontoian (18:00).
Finaleko sarrerak salgai daude Asegarce (688 86 88 68) eta Aspe (661 25 90 09) pilota enpresetan. Kanporaketen sarrerak jokatzen diren pilotalekuetako txarteldegietan erosi ahalko dira.
Bizkaia Torneoagaz, aldundiak pilotazaleei partida oso interesgarriak eskaintzen jarraitzeko konpromisoa berresten duela adierazi du Bilbaok, «zaletuek ikuskizun ederra goza dezaten eta euskal pilota Bizkaia osoan zehar sustatzen jarraitzeko asmoz».