Goiko Portaletik abiatuko den
manifestazio zaratatsuagaz hasiko da aurten Karmen jaietako txosna guneko egitaraua.
Jaietan be erasorik ez lelopean jaiak erasorik gabekoak izan behar duten aldarria jendarteratu eta jaigunea eremu askea dela ikusaraztea izango da lehen ekimena. Hori guztia lantzeko, gainera,
Jaixek eta erasuek tailerra antolatuko du Bagaittun emakume feminista taldeak uztailaren 5ean Akerbeltz gaztetxean.
Urtero modura, herriko jaien atarian, txosna guneko egitaraua aurkeztu du Markina-Xemeingo Txosna Batzordeak. Aurten ere, adin ezberdinetako jendearentzako egitaraua lotzen ahalegindu dira, eta bezperatik hasiko dira karmenak berotzen. Uztailaren 12a izango da
Txosnen Eguna.
2018ko Karmen jaietako txosna guneko egitarauaren aurkezpena.
Iaz izandako arrakasta ikusita, aurten ere
Bertsio Gaua antolatu dute. Oraingoan ere, txosnetako afariaren ostean aterako dira oholtzara parte hartzaileak. Nahi duen guztiak parte hartu dezake bakarka zein taldean, egin beharreko bakarra musika talde baten bertsioak jo edo imitatzea izango da eta bi edo hiru kanta izango dira gehienez. “Gure eguna izango da eguena eta parte hartzera animatzen bagara giro polita egongo da afalostean”.
Izena emateko epea amaituta badago ere, berandu dabiltzanei ere aukera ematea erabaki dute Txosna Batzordekoek, horretarako
mxtxosnabatzordea@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute. “Taldean bateren bat falta bada, entseguetarako lekue falta bada, txosna batzordeari idatzi eta baten batengana hurreratu eta galdetu”, animatu dute.
[EGITARAUA]
Zehaztu dutenez
afarirako txartelak ere laster egongo dira salgai Patxua eta Mateo tabernetan, 10 eurotan. “Aukera beganoa ere egongo da eta azken urteetan legez 200 txartel aterako dira, iaz ere 190 izatera heldu ginen, ea aurten ere kopuru eder batera heltzen garen”.
Uztailaren 13an, betiko modura, txupinazoaren ostean, txosnak zabalduko dira eta bizikleta kalejiraren hasiera txosnetan emango da. “Eta gauean, Gazte Asanbladak Zelaian antolatutako kontzertuen ostean, iazko arrakasta errepikatu asmoz,
DJ Bull etorriko da gogotsu 03:00etatik 06:00etara, txosnak itxi arte”.
Uztailaren 14an Gozategiren erromeria amaitzen denean Zelaian,
El Txef A DJa egongo da. “Orain dela hiru edo lau urte etorri zen eta aurten berriro dator DJ gernikarra”. Domekan, berriz,
Biren ondarrutarrek alaituko dute gaua eta uztailaren 16an Alarabi erre ostean, azken urteetan egin den legez,
txokolatea eskainiko dute txosnetan, jaiei amaiera emateko.
Txosna gunea jendez beteta Karmen jaietan.
Urte osoan lanean. Txosna Batzordeko kideek jakinarazi dutenez, batzordea urte guztian egoten da beharrean egitaraua aurrera ateratzeko. Zazpi taldek parte hartzen dute: Bagaittun emakume feminista taldeak, Eup Irratiak, Markina-Xemeingo Ernai, Markina-Xemeingo Gazte Asanblada, Markina-Xemeingo Preso eta Iheslarien lagunak, Markina-Xemeingo Sortu eta Xemein Astialdi Taldea. “Talde bakoitzeko ordezkariak batzen dira batzordean eta bertan hartzen dira erabakiak”.
[EGITARAUA]
Txosna gunea denek egiten dutela adierazi dute, “denoi esker da posible”. Eta martxan egoteko behar handia egoten dela gogora ekarri dute. “Denontzako egongo da zeregina eta beraz, prest dagoenak barra barrutik zein kanpotik lagundu dezake. Txandak egongo dira eta guztion artean osatzen baditugu errazagoak eta denontzako hobeak izango dira jaiak”.
Txosna gunea denak elkar errespetatu eta
mundu guztiarentzako eroso sentitzeko gunea izatea dute helburu, “inor ez daitela sentitu ez lekuz kanpo ez inkomodo”. Horrez gain, ahalik eta zamar gutxien sortzeko ahalegina ere egingo da txosna gunean, eta horretarako zamarren gunea jarriko dute.
[EGITARAUA]
Bestalde, urtero moduan, herriko denda txikien eta
bertoko produktuen alde egingo dute eta aurten, berritasun modura, txosnetan Garai artisau garagardoa edukiko dutela aurreratu dute. Eta zelan ez, euskeraren eta
euskal kulturaren alde egingo dute.