Asier Illarramendi Realeko kapitain mutrikuarrak beste bi urte luzatu du Realarekin zeukan kontratua; 2023ko ekainaren 30era arte ariko da talde txuri-urdinean. Illarramendik eta Realak gaur [ekainak 28] eguerdian sinatu dute akordioa, Anoetako bulegoetan. Sinatu orduko, Illarramendik zoriontsu dela esan du. Kontratua luzatzea “sentitzen zuena eta nahi zuena” dela esan du. “Lehen taldera igo nintzenean, itzuli nintzenean, beti sentitu naiz garrantzitsu, eta zoriontsu naiz Realak duen familiarengatik” esan du mutrikuarrak Real Sociedad TV katean egindako elkarrizketan.
Kapitainaren besokoa eramango duen lehenengo denboraldia ilusioz betetakoa izango dela iragarri du. “Ilusioz beteriko denboraldia espero dut, zelai berriak zaleak gertu izateko aukera emango baitigu. Beraien laguntzarekin urte ederra izango da”.
Asier Illarramendi eta Jokin Aperribai, akordioa sinatu eta gero. Argazkia: Real Sociedad