Ekitaldiz bete dute asteburua aurten ere Barinagan, auzotarrek eta auzo giro ederragaz gozatu nahi duten bisitari guztiek ondo baino hobeto pasatzeko. Barikuan [ekainak 29] meza edukiko dute San Pedro elizan, eta mokadutxoa hartzeko batuko dira ondoren.
Udako jaiak izanik, Buztinegi aisialdi gunea izango da beste behin ere, jaiaren muina. Urte osoan, astero-astero, lantaldeetan banatuta,
Iturritxu Elkarteko kideek belarra moztu eta atontzen dute gunea, eta jaietarako ere txukun-txukun prestatzen ibili dira.
Gaztetxoen arteko
pilota partiduak, idi probak eta bola txapelketa jokatuko dira bertan. Barikuan bertan zabalduko dute bolatokia, eta iaz estreinatutako
Bola Txapelketaren bigarren norgehiagoka jokatuko da. Hiru sari banatuko dituzte: irabazleak 60 euro eta txapela eramango ditu, bigarrenak 40 euro eta gazta eta hirugarrenak 20 euro eta kopeta pastela.
[EGITARAUA]
Musikak ere izango du tartea jaietan;
Zaloa eta Mirari trikitilarien kantaldiak alaituko du auzoa Bariku iluntzean.
Herri bazkaria. Zapatuan [ekainak 30], berriz, mahaiaren inguruan bilduko dira barinagarrak, baina bazkalorduko erabaki beharko dute nor den aurtengo
Txapel Jaurtiketa Txapelketaren irabazlea. Jolasak izango dituzte mahaian jarri orduko.
Idi dema ere hartuko du aurten Barinagako probalekuak. Hiru idi bikotek lehiatuko dute zeinek untza gehiago egin: Egoibarko Soarteren animaliak, Eibarko Altzubarrenen idi bikoteak eta Orioko Olidenen idiek.
Umeek ere edukiko dute non ondo pasatu,
puzgarriak edukiko dituzte arratsaldean, gustura jostatzeko.
[EGITARAUA]