Zapatu [ekainak 30] arratsaldeko
briska txapelketagaz hasiko dira San Pedro jaiak ospatzen Artan. Sari politak izango dituzte lehenengo gelditzen diren laurek. Bertoko produktuen sorta eta 100 euroko diru saria lortuko ditu irabazleak, bertoko produktuen sorta eta 80 euro bigarrenak, 60 euro eramango ditu hirugarrenak eta 40 euro laugarrenak.
Jokoan nahikoa eginda eta eguna giro onean amaitzeko,
auzo afaria edukiko dute ondoren. Urtero modura, ogi laban erretako oilaskoak izango dira plater nagusia, horiei laguntzeko entsalada ederrak eta patatak edukiko dituzte, eta postrerako fruta. Kontu kontari jarduteko aprobetxatuko dute auzotarrek afaria, eta nahi duenak ordu txikiak arte luzatu ahalko du jarduna. Orain arte bertso afaria egin izan dute, baina auzokoak besterik joaten ez direla eta, auzo afariagatik ordezkatzea erabaki dute aurten. Urtero 35 auzotar inguru batu ohi dira afaritan, bertan bizi direnak bai eta sanpedroetako giro onak tenk eginda jaira hurreratzen diren familiartekoak ere.
[EGITARAUA]
Lekua ez dute aldatuko, San Pedroren omenezko ermitan izango da afaria, betiko legez. Izan ere, hamalau baserriko auzune ederraren muino txiki baten gainean dagoen ermita izaten da urtero, jaietako bilgunea. Eliz giro, afari zein jokorako txokoa izaten da.
Dantzak eta bertsoak. Domekan [uztailak 1], 08:00etan entzungo da lehen bolanderaren danbada, eta horregaz batera hasiko dira auzotarrak ermita mezarako atontzen. Aurreko gauekoak jaso eta garbitu ondoren, lorekin apainduko dute, dotore, ospakizunekin jarraitzeko.
Meza ostean egingo dute dantzan Markina-Xemeingo
Zerutxu dantza taldeko neska-mutilek, eta, ondoren, bertso saioa egongo da. Ermita ondoko frontoian jarriko duten agertokira igoko dira aurten Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Mikel Mendizabal eta Bitorio Zelaia.
[EGITARAUA]
Bazkarirako atsedenaldia hartuta, arratsaldean jarraituko du jaiak
umeen jolasekin, eta egun osoko giroa alaitzen ariko diren Laja eta Lutxurdio trikitilariek umeen aisialdiari ukitu berezia emango diete. «Umeen jolasak ere girotzen dituzte eta jendea oso gustura egoten da», nabarmendu dute. Hori dela eta, errepikatzea erabaki dute, eta aurtengo jaietan ere Artako sanpedroetan egongo dira.
Auzotarrek aitatu dutenez, datorren urtera begira
bolatokia berpiztu nahi dute. «Ermitaren atzeko partean eduki zuen txokoa berreskuratu nahi dugu». Hala, 2019an bola txapelketa «mundiala» antolatzea dute helburua.