Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak eta Rogelio Pozo AZTI Tecnaliako zuzendariak antxoaren biomasaren azterketaren (Bioman) emaitzak aurkeztu dituzte gaur [ekainak 29]. Azaldu dutenez, azken 31 urteetan egindako azterketa guztietan jasotako emaitzarik onena jaso da aurten; 1987an hasi ziren azterketak egiten. “225.000 tona antxoa kalkulatu dira, eta hori
datu positiboa da”. Hala, antxoaren biomasa “unerik onenean” dagoela esan dute.
Azterketak egitearen garrantzia azpimarratu du Azkuek. “Antxoa da gure arrantzaleen ekonomiaren zutabeetako bat, eta interes komertzial handieneko espezie bat ere bada, nahiz eta bizitza laburra edukitzeagatik eta kanpoko agenteen eraginpean egoteagatik aldakorra izan. Horregatik, ezinbestekoa da urtetik urte itsasoan zenbat antxoa dagoen egiaztatzea”. Azterketa horiei esker, espeziearen harrapaketa “modu iraunkorrean” kudeatu eta “espeziea babestuta dagoela ere bermatu” ahal dela gaineratu du.
Ezkerretik eskumara, Rogelio Pozo AZTI Tecnaliako zuzendaria eta Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria. Argazkia: Irekia
Nola egiten dute azterketa? Funtsean, Bioman kanpainaren helburua da udaberriaren bukaeran Bizkaiko Golkoan dagoen antxoa helduaren populazioa aztertzea. Azterketa egiteko eguneko arrauntza ekoizpena kalkulatzen dute duten oinarri bezala. Alegia, antxoa helduaren aleak jasotzen dituzte, ondoren haien batazbesteko ugalkortasuna kalkulatzeko;
antxoa eme bakoitzak batazbeste erruten dituen arrautzak kalkulatzen dituzte.
Biomasaren
behin betiko kalkulua egiteko, baina, Bioman kanpainan ateratako datuak eta udazkenean AZTIk egiten duen Juvena kanpainako emaitzak Itsasoaren Ustiapenerako Frantziako Ikerketa Institutuak egiten duen ikerketako datuekin (IFREMER) uztartu behar izaten dira. “Modu horretara, zenbat antxoa gazte dagoen eta hurrengo urtean zenbat antxoa heldu egongo diren jakiten da”.
Aipatu hiru kanpaina horietako datuak eskuan edukita, Itsasoaren Kontseilu Iternazionalak antxoaren, sardinaren eta txitxarroaren lantaldeak Europako ARrantza Kudeaketarako Kontseiluaren irizpen zientifkoa lantzen du. “Horrekin, Europako Batzordeak kudeaketa neurri egokiak eta 2019rako kuota ezartzen ditu, arrantzaren eta itsasoko baliabideen iraunkortasuna bermatzeko”.
Antxoaren biomasaren azterketa arrantza tokien ebaluazio serierik sendoena dela azaldu dute. “Izan ere, ebaluazio serie horrek 30 urte baino gehiagotan espezie horiĀ berrskuratzen eta iraunarazten lagundu du”.