Mutilen
Xistera Zirkuituko lehen jardunaldiari amaiera eman zioten barikuan [ekainak 29] Markina-Xemeingo Uni frontoian. Mutilen torneoko gazte eta nagusien mailetako irabazleak erabaki ziren emozio handiko partiduen ostean. Gazte mailan
Aitzol Galletebeitia lekeitiarra
eta Danel Mandiola markina-xemeindarra izan ziren irabazleak, eta
Antxon Alberdi eta Jon Ibarluzea izan ziren Xisteraren Ugarein Zirkuituko nagusien mailako txapeldunak.
Ugarein Zirkuituko finalistak. Argazkia: Xistera
Partida biak 2-0 amaitu ziren.
Gazteak izan ziren Uni-ko kantxara irtetzen lehenengoak. Iker Ibarluzea eta Julen Goitiandia gorriz aritu ziren eta Aitzol Galletebeitia eta Danel Mandiola urdinez. Partidua hasi eta berehala egin zuten ihes markagailuan urdinek, bost tantuko zuloa eginez. Hortik aurrera, Galletebeitiak eta Mandiolak ez zuten lehen puntua lortzeko arazorik eduki. Bigarren jokoa ere kontrolpean eduki zuten, berriro ere hasieratik markagailuan aurretik jarriz. Ibarluzea eta Goitiandia hurreratzen ahalegindu ziren, baina lekeitiarrak eta markina-xemeindarrak ez zuten txapela jantzi arte etsi.
Antxon eta Ibarluzea nagusien mailako txapeldunak. Argazkia: Iñaki Arakistain ‘Akis’
Nagusien finala heldu zen ondoren. Antxon Alberdi Berriatuko zesta eskolako etxebarritarra eta Jon Ibarluzea Markina-Xemeingo atzelaria Aaron Gonzalez de Matauco arabarraren eta Benoit Mandagara lapurtarraren kontra neurtu ziren. Lehen jokoan 15-8 nagusitu ziren gorriak; ez zuten garaipena eskuratzeko arazo gehiegirik eduki. Bigarren partida oreketuagoa izan zen. Arabarrak eta lapurtarrak estutu egin zuten bikote bizkaitarra, eta zortzinako berdinketara arte pareko joan ziren. Hor etorri zen apurketa, eta gorriek ez zuten parkatu.
Ugarein Zirkuituko finalistak eta antolatzaileak eta Markina-Xemeingo Zesta Eskolako pilotariak. Argazkia: Iñaki Arakistain “Akis”
Interjai Zirkuitua. Barikukoa ez zen izan Antxon eta Ibarluzearen asteburuko garaipen bakarra. Ugarein Zirkuituko nagusien mailako irabazleek atzo [uztailak 1] Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zen Interjai Txapelketako bigarren jardunaldia ere irabazi zuten.
Bi partida jokatu ziren Azpeitian. Lehenengoan
Retolaza eta Uriel izan ziren garaile, Laloo eta Susori 2-0 irabazita, eta bigarrenean ere 2-0 nagusitu ziren
Antxon eta Ibarluzea. 15-6 eta 15-11 irabazi zieten Etcheberry eta Zugaitzi.
Interjai Txapelketako hurrengo jardunaldia
Bartzelonan jokatuko dela aurreratu du Xisterak.